Uztailaren 1ean irekiko dute Lezama Mugetatik lasterketan izena emateko epea

a: Gaizka Peñafiel 2022ko eka. 14a, 12:22

Lezama Mugetatik saioa abuztuaren 28an egingo da aurten 16. aldiz; beti bezala, Lezamako Andra Marietako jaien aurreko asteburuan. Oraindik hilabete bi baino gehiago falta da, baina uztailaren 1ean irekiko dute izena emateko epea.

Lezamako Mugetatik ekitaldiak parte hartzeko hainbat aukera ematen ditu. Nagusia 25 kilometroko mendi-lasterketa da. Zailtasun ertaineko ibilbidea du, baina hainbat zati gogor eta tekniko ditu: , batez ere, Basobaltz basoaren jaitsiera, Gangureneko igoera eta Ugarteko jaitsiera. Tarte horietako batean, Gangurenen, alegia, Ganguren Ziztu Bizian (GZB) lasterketa ere antolatu da aurten seigarren aldiz. Horrek hiru kilometroko ibilaldia eta 400 metro desnibela du. “Erronka ausart eta erakargarria da, lasterketaren horma baita”, azaldu dute antolatzaileek webgunean. Ganguren Ziztu Bizian proba irabazteko, korrikalariek ahalik eta denbora laburrean egin beharko dute tarte hori eta, gainera, lasterketa nagusiaren irabazlearen markatik gehienez 15 minutura egon. GZB saioan denborarik onenak egiten dituztenek sari bereziak jasoko dituzte.

Lezamako Mugetatik lasterketan gazte kategorian ere parte hartzeko aukera dago, baina ibilbidea laburragoa da, 17 kilometrokoa. Gazteek Ganguren mendian bukatuko dute lasterketa. Lehia alde batera utzita, antolatzaileek mendi-martxa ere egingo dute. Horrek ibilbide berbera du, 25 kilometrokoa, eta nork bere erritmora egin dezake.

 

Informazio gehiago:

https://www.lezamakomugetatik.com/