Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala Iruñean izango da aurten

Aikor aldizkaria 2022ko eka. 22a, 14:28

Bertsozale elkarteak Bertsolari Txapelketa Nagusia aurkeztu du gaur Bilbon, Euskaltzaindian. Nobedade nagusia finalaren egoitza izango da: azken edizioetan Barakaldon egin zen, baina aurten Iruñean antolatuko dute. Guztira hamalau saio izango ditu txapelketak, eta bihar jarriko dira salgai sarrerak, 9:00etatik aurrera, www.bertsosarrerak.eus webgunean.

Lehenengo fasean, irailaren 24tik aurrera, sei saio egingo dira, bina asteburuero. Jarraian, zazpi finalaurreko jokatuko dira, astean batean, zapatuetan, alegia. Finala abenduaren 18an izango da Iruñeko Nafarroa Arenan. Gainerako saioak herri hauetan egingo dira: Getxon, Arrasaten, Gotaine-Irabarnen, Gasteizen, Donostian, Lizarran, Elizondon, Donibane Garazin, Irunen, Durangon, Amurrion, Baionan eta Bilbon.

Azken txapelketa 2017an jokatu zen eta hurrengoa 2021erako aurreikusi arren, pandemia zela-eta, atzeratu egin zen. 2022koa Bertsozale Elkarteak antolatzen duen hamargarrena da. “Egoerak hobera egin du, eta horrek poza ematen du. Dena den, arretaz jarraitzen diogu bertsolaritza plazetan dagoen egoerari; batetik, pandemiak utzitako ondorioak oraindik ere ez direlako guztiz desagertu, eta, bestetik, bertsolaritzaren egungo egoera bertan islatzen delako”, azaldu du Gontzal Agote Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Lehendakaritza Taldeko kideak.

“Azken urteetan gertatutakoak gertatuta ere, argi esan dezakegu bertsolaritza bizi-bizirik dagoela euskararen lurralde osoan”, esan du Idoia Trenor Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak. Sarrerak bihar hasiko dira saltzen. Nafarroako Bertsozale Elkartearen egoitzan finalerako sarrerak saltzeko leihatila egongo da, 10:00-14:00 eta 16:00-18:00 ordutegian, ekainaren 23tik 30era, asteburuan salbu. Halaber, egun horietan finalerako sarrera bermatuta izango dute Bertsozale Elkarteko bazkideek.