Menditik patxadaz

Karobiak

t/a: IƱaki Olabarrieta eta Jose Angel Mentxaka 2022ko eka. 30a, 08:35

Karobiak gure mendi eta bazterretan karea lortzeko erabili ziren XX. mendearen erdialdera arte. Euren aztarnak oraindik aurkitu ditzakegu hainbat lekutan. Karea modu industrialean ekoizten hasi zenean, eraikuntza kurioso hauek ahaztuz joan ziren.

Eta zer dira? Edo ziren? Orokorrean goitik beherako harrizko "hodiak" dira. Denak antzeko tamaina zuten: 4 edo 5 metroko altuera eta 1,5-2 metroko diametroa. Goitik zabalik zeuden eta behean zulo bat zeukaten.

 

Lana gehienetan auzolanean egiten zen, beso asko behar ziren eta:  alde batetik, kareharria, kaltzio karbonatoa, hurbildu behar zen karobietara; eta bestetik, egurra. Goiko zulotik egurra sartzen zen. Beteta zegoenean su ematen zitzaion eta egurra kiskali eta hormak berotu ahala, 900 gradutan, egurrak beherantz egiten zuen goiko aldean lekua utzita. Berrogeita hamar edo 60 cm-ko alturako kare-harria botatzen zen ondoren, eta beherantz  egin ahala, beste horrenbeste egur, beste horrenbeste kareharri... Horrela behar beste kare lortu arte. Karea beheko zulotik ateratzen zen eta hoztu ondoren banatu egiten zen.

 

Lortutakoa kare bizia da, kaltzio oxidoa, eta bere propietateak urarekin nahastuz gero lortzen dira, kaltzio hidroxidoa bihurtzen denean. Hainbat gauzatarako erabiltzen zen, esate baterako, kortak, ganaduaren apatxak edo erromes asko pasatzen ziren ermitak desinfektatzeko. Soloan ere asko erabili izan da, desinfektatu eta ongarri moduan (sarritan baserrien errentamendu-kontratuetan argi azaltzen zen soloetan zenbat kare bota behar zen). Asmaren eta baztangaren aurka ere erabili da medikuntzan. Morteroa egiteko edota baserriak zuritzeko. Arrautzak gehiago iraunarazteko...

 

Gure herrietan karobiak egon badaude, edo bazeuden. Esango genuke herri bakoitzean gutxienez bat zegoela, Larrabetzun, Lezaman, Zamudion hiru gutxienez… Erandio eta Loiuren artean Karabizu edo Karabezu mendia dago eta bere izena dela-eta igartzen da karearekin zerikusia duela. Izan ere, aspalditik lortu da bertan karea eta oraindik ikus daiteke karobia zegoen zuloa. Egon asko daude, guk Gorbeia inguruan dagoena proposatu dugu gure ibilaldirako.

 

Ibilbide proposamena

7,5 km-ko ibilbidea da, Gorbeia inguruan, aproposa umeekin egiteko. Areatzatik Pagomakurreko bidea hartuko dugu, eta hara heldu baino kilometro bat lehenago Larreder atseden-lekua eta aparkalekua aurkituko dugu. Leku ederra.

Oinez hasiko gara Pagomakurrerantz. Laster, bihurgune handiaren ondoren ezkerretik hasten den pista hartuko dugu. Pistari jarraitu eta beste gurutze batera heltzen garenean ezkerretara egin beharko dugu. Nahi izanez gero, eskumara egin dezakegu: 200 metrora Arratiako begiratoki eder bat dago –behintzat, zuhaitzak gehiago hazten ez badira–. Atzera eginez laster aurkituko dugu karobia, ondo seinaleztatuta eta berritua. Bideari jarraituz zirkulua ixtea besterik ez zaigu falta.

Karobiaz gain, ibilbidean topatu beharko ditugu iturri eder bat, elur-zulo ikusgarri bat eta gure arbasoek orain dela 4.000 urte eraikitako trikuharri bat. Bidaia ona izan!

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).