Txorierritarrek Larla mendia argitu zuten zapatuan

Aikor aldizkaria 2022ko uzt. 5a, 12:56

Uztailaren 2an, katalan eta euskal herritarrek 300 gailurretik gora argiztatu zituzten Pirinioetan. Farol bereziak eta linternak baliatuta, argi-lerroa osatu zuten Euskal Herria eta Katalunia batu eta herri bietako autodeterminazio-eskubidea aldarrikatzeko. Txorierritarrek bat egin zuten ekimenarekin eta ehundik gora lagunek Larla mendiko gailurra (Irulegi) argiztatu zuten.

Txorierriko taldea Arrosa herria batu zen eta handik Larla mendira abiatu ziren. Guztira 3,2 kilometroko ibilbidea egin zuten gailurrera heltzeko. “Mendi puntan, adierazpena irakurri zen eta kanta bi abestu: Gure Esku ekimenarena eta Mikel Laboaren Txoria txori. Giro ederra egon zen, patxadaz hartu genituen bai igoera bai jaitsiera. Ibilbidea ez zen zaila, baina jaitsieran kontuz ibili ginen gaua zelako; dena dela, antolatzaileok balizak jarri genituen bidea argiztatzeko. Bitxikeria bada ere, Erramun Martikorena Baigorriko abeslaria gurekin izan zen”, esan dute Gure Esku ekimenaren Txorierriko kideek.

Ekintza Pirinioetako Bidea/Via Pirinenca egitasmoaren baitan egingo da eta antolatzaileak hauek dira: Gure Esku, ANC Assemblea Nacional Catalana eta FEEC Federació d’Entitats Excursionistes de Catalunya. Omnium Cultural eta Artistes de la República erakundeek lagundutako egitasmoa da. Taldeak lehenengo aldiz ibili dira elkarlanean, baina aipatu dutenez, epe luzera ere elkarrekin arituko dira. Pirinioetako saioa “ludikoa” da, baita politikoa ere, noski. “Aldarrikapena egin dugu. Eskozian beste erreferendum bat egingo dute datorren urterako eta guk urrian eztabaida piztu nahi dugu Euskal Herrian eta Katalunian”.

 

Arrakastatsua

Guztira, milaka lagunek hartu zuten parte ekimenean. Antolatzaileek saio politikoa egin zuten Guils-Fontanera eski-estazioan, Gironan. “Saioa oso arrakastatsua izan da. Euskaldunok eta katalanek bat egin dugu eta horri esker, Pirinioak argiztatzeko gauza izan gara; etorkizunean, elkarrekin jarraituz gero, gure proiektu komunek aurrera egingo dute. Mendian ikusi dugun argi bakoitza izar bat izan da, askatasunera eta gure herrien subiranotasunera bidea argitzen duena, alegia”, esan zuen Amaiur Alvarez Gure Esku ekimenaren bozeramaileak.

Era berean, Dolors Feliu ANC elkartearen presidenteak ere hartu zuen hitza ekitaldian. “Europako saio artistiko-politikorik handiena izan da eta betiko gogoratuko da. Katalunian eta Euskal Herrian subiranotasun osoa nahi dugu, hau da, gure etorkizuna askatasunez erabaki eta eraiki nahi dugu. Herrien gogo demokratikoa errespetatzea gustatuko litzaidake, mugak bozen bidez erabaki behar direlako; ez inposaketaren, bortizkeriaren eta gerren bidez”, adierazi du.

Erlazionatuak

Pirinioak argitzera!

a: Gure Esku 2022 uzt 05 Txorierri

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).