Zerbitzua erabiltzeko, emakumeek autobusaren aurreko atetik igo beharko dute, eta gidariari non jaitsi nahi duten esan, betiere geralekua linearen ibilbidean badago. Gidariak erabakiko du eskatutako lekuak autobusa gelditzeko bide-segurtasuneko baldintzak betetzen dituen; bestela, ahalik eta toki hurbilean geldituko du autobusa. Emakumeak aurreko atetik irtengo dira beti.
Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazitako datuen arabera, zerbitzua abiatu zenetik pasa den maiatzaren 1era arte 1.499 bitarteko geldialdi eskatu dira Bizkaibusen; haien % 56 goizaldeko 5,00etatik 6,30era. Zerbitzua batez ere lanera joaten ziren emakumeek eskatu zuten. Eskaera gehienak Bilboko metropolia hartzen duen linean egin ziren. Beste aldetik, Bilbobusek ere zerbitzua eskaintzen die emakumeei. Autobusetan zein markesinetan azalpen-kartelak eta -liburuxkak ipini dituzte.