Bizkaian 600.000 aitorpen egin dira errenta-kanpainan

Aikor aldizkaria 2022ko uzt. 19a, 14:31

Bizkaiko Foru Aldundiak 2021eko errenta-kanpaina aurkeztu du gaur, Bilbon. Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergaren (PFEZ) 614.276 aitorpen aurkeztu dira, eta 13,8 milioi euroko emaitza positiboa izan da: batetik, Foru Ogasunak 425,6 milioi euro itzuli dizkie 426.525 zergaduni; eta bestetik, 187.751 zergadunek 439,4 milioi euro ordaindu behar izan dituzte. 

Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatua eta Iñaki Alonso Ogasuneko zuzendaria pozik agertu dira kanpainarekin. Beren esanetan, emaitza positiboak 2021eko ekitaldiaren bilakaera ekonomikoa islatzen du Bizkaian, hau da, iaz, jarduera ekonomikoa eta enplegua berreskuratu ziren eta dirua aurrezteari esker, ondare-irabaziak nabarmen handitu ziren. Gainera, Bizkaiko errenta-kanpaina bera azpimarratu dute, zergadun guztiek aitorpen-zirriborro bat eta hori izapidetzeko hiru bide izan dituztelako: online, telefonoz eta bulegoetan. % 80k Internet bidez egin dute; % 15ek, telefonoz; eta gainerako % 5ek, aurrez aurre. 
Aldundiak arreta zerbitzua ere jarri du zergadunen eskura. Horrek 515.326 kontsulta jaso ditu: % 92,5, telefonoz; eta % 7,5, aurrez aurre. Arreta pertsonalizatua 437 pertsonak jaso dute; 126k aurrez aurreko zerbitzuan hamar foru bulegotan eta 311k telefono-zerbitzuan. Erabiltzaileak pozik agertu dira zerbitzuarekin, Foru Ogasunak zabaldutako arreta-zerbitzuari 10 puntutik 8,5eko nota eman diotelako. Orotara, 11.583 pertsonak hartu dute parte errenta-kanpainako zerbitzuarekiko gogobetetzeari buruzko inkestan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).