“Plazarik gabe ez dago txapelketa ulertzerik, plazak behar ditu bertsoak. Kostatu da, baina, zorionez, berpiztu da bertso plaza: berriro ere bertsolariak, zaleak, antolatzaileak, bertso-eskolak jo eta su dabiltza. Orain bai: egin dezagun txapelketa bat ahalik eta ederrena”, esan du Gontzak Agote talde antolatzailearen kideak. Aurkezpenean, txapelketaren sintoniaren berri ere eman da. Hori Nerea Erbiti Iruñeko musikariak osatu du.
Guztira hamalau saio izango ditu txapelketak, eta horretarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean. Lehenengo fasean, irailaren 24tik aurrera, sei saio egingo dira, bina asteburuero. Jarraian, zazpi finalaurreko jokatuko dira, astean batean, zapatuetan, alegia. Finala abenduaren 18an izango da Iruñeko Nafarroa Arenan. Gainerako saioak herri hauetan egingo dira: Getxon, Arrasaten, Gotaine-Irabarnen, Gasteizen, Donostian, Lizarran, Elizondon, Donibane Garazin, Irunen, Durangon, Amurrion, Baionan eta Bilbon.
Guztira 42 bertsolarik hartuko dute parte txapelketan: Amets Arzalluz eta Maialen Lujanbio Euskal Herriko txapeldun izan dira eta aurten berriro irabazten saiatuko dira. Besteak beste, hauek ere sartuko dira lehian: Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Jone Uria, Miren Amuriza, Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal, Aitor Mendiluze eta Oihana Bartra.