Gazteak ere euskaraz aritzeko prest!

a. Thirdman (Pexels) 2022ko ira. 19a, 08:26

Erronka berri bati heltzeko asmoa dugula hasiko dugu ikasturtea: gazteak Berbalagun egitasmora hurbiltzea. Iaz, lehenengo urratsak egin genituen horretarako, eta hiru ekintza antolatu: sukaldaritza-tailerra, mendi-ibilbideak eta scape room-a. Emaitza erabat positiboa izan zen eta datozen hilabeteetan ere gazteentzako ekintzak antolatuko dira.

Ekintzak modu erakargarrian eta praktikoan diseinatu ziren, gazteek lagunen artean euskaraz ondo pasatzeko. Mendi-ibilbideei esker, parte-hartzaileek Txorierriko bazterrak ezagutzeko aukera izan zuten, eta, gainera, gune bat garbitu. Sukaldaritza-tailerra, bestalde, Txorierriko Baserri Antzokiko txokoan egin genuen eta bertan ikasi genuen taloa, patata-tortilla eta paella prestatzen. Azkenean, erlojuren kontra hainbat proba gainditu behar izan genituen scape room batetik atera ahal izateko. 

2022-2023 ikasturtean ere gazteentzako ekintzak egingo dira gazteei begira, aisialdia lagunekin euskaraz emateko aukera gehiago izan dezaten eta berbalagun izan daitezen. Gainera, euren beharrizanak eta gustuak kontuan hartuko dira ekintzak antolatzeko orduan. Izan ere, Berbalaguneko taldeetako partaideak aspalditik ohartu direnez, aisialdiak hamaika aukera ekartzen dizkigu euskaraz aritzeko, dakiguna freskatzeko eta euskara-maila hobetzeko. Beraz, gaztea bazara, adi egon, berandu gabe ekintzen berri emango dugu eta.

Nolanahi ere, nahiz eta hain gazte ez izan, zuk ere adi egon beharko duzu, ikasturte berriari indarrak berrituta eta gogotsu helduko diogulako. Berbalagunen taldeak berriro ipini ditugu martxan eta partaideak irrikan daude elkar ikusteko eta euskaraz bizitzeko. Zu bakarrik falta zara haiekin kafea hartzeko, mendira joateko, arte-erakusketak bisitatzeko, sukaldean aritzeko edota gure bazterrak ezagutzeko. Hizkuntza hobetzeaz gainera, ikusiko duzu aisialdia euskaraz ematea ere erakargarria baino erakargarriagoa dela. Eta seme-alaba txikirik baduzu, ez izan zalantzarik eta eman izena Gurasolagun egitasmoan. Euskara praktikatzea ez ezik hamaika jolas eta abesti ere ikasiko dituzu umeekin egiteko.

Beste alde batetik, hasierako lerroetan esan moduan udako oporretatik gogotsu etorri garenez, ahalegin berezia egingo dugu Loiun berbalagun taldea osatzeko eta Larrabetzuko eta Lezamako taldeak indartzeko. Era berean, mendiko taldeak martitzenetan biltzen jarraituko du, eta Bizkaiko parajeak deskubritzen. Hortaz, gaztetxoa, gaztea, heldua zein nagusia izan, eskaintza zabala egiten dizu Berbalagun egitasmoak. Aitzakiarik ez, Txorierrin euskaraz bizitzeko.       

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).