Unai Ibarra sondikoztarrak domina bi lortu ditu Sokatira Munduko Txapelketan

Aikor aldizkaria 2022ko ira. 21a, 12:16

Lehengo astean Sokatira Munduko Txapelketa jokatu zen Holten herrian, Herbehereetan. Betiko moduan, Euskal Herriko selekzioak dominak lortu zituen, baita talde euskaldunek ere. Eta horietan Unai Ibarra ibili zen. Asuakoak urrezko domina lortu zuen 560 kiloko kategorian bere klubarekin, Laukizko Gaztedirekin; eta zilarrezkoa, kategoria berean, euskal selekzioarekin.

“Txapelketa bi egiten dira: batean klubek hartzen dute parte; eta bestean, herrialdeek. Asteazkenean pisatu gintuzten eta hurrengo egunetan lehian sartu ginen. Iaz, urrezko domina ere lortu genuen; beraz, faboritoak ginen eta beste taldeak guri irabazteko irrikan zeuden. Kluben mailan, finala irabazi genuen, baina herrialdeen mailan, bigarren postua lortu genuen. Final biak talde beraren kontra jokatu genuen, suitzarren kontra. Oso arerio gogorrak izan ziren: lehenengo finala izugarri kostatu zitzaigun irabaztea; baina bigarrenean, ezinezkoa izan zen, haiek hobeto ibili ziren eta”, esan digu Unai Ibarrak.

Bigarren finaleko porrota oraindik da mingarria, baina, Ibarraren esanetan, denboraren poderioz zilarrezko dominari balioa emango diote. “Gogor entrenatzen dugu urtean zehar eta gogorra da finala galtzea, baina tira, beti ezin da irabazi”. Txapelketara ordezkari joan arren, Asuakoak ezin izan zuen txapelketan parte hartu. “Pena ematen du, noski, guztiok aritu nahi dugulako, baina taldean sartzea oso zaila da eta ordezkaria izana ere estimatzen dut. Futbolean gauza bera gertatzen da, bakarrik hamaikak joka dezakete. Dena dela, garrantzitsuena taldea da eta beti egon behar da taldeari laguntza emateko prest. Esperientzia polita bizitzeko aukera izan dut Herbehereetan. Datorren urtean, txapelketa Suitzan izango da, eta erronka ederra”.

Goierri taldeko Juanjo Villabeitia “Coyote” sondikoztarrak ere hartu zuen parte lehiaketan, baina talde erandioztarrak ezin izan zituen final-laurdenak gainditu. Mutriku taldeak osatu zuen euskal ordezkaritza Sokatira Munduko Txapelketan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).