Lezaman, udalak, Berdintasun Kontseiluak eta Moreak talde feministak Hilario Astorki plazan, udaletxearen aurrean, elkarretaratze isila egiteko deia egin dute. “Beste erailketa matxista bat, amorruz utzi gaituena. Nazkatuta gaude! Aski da! Noiz arte? Azken erailketa matxista gogor salatzera aterako gara kalera. Gure bizitzak jokoan baitaude”, adierazi du Moreak taldeak gizarte-sareetan. Zamudion, udalak deituta, herritarrak udaletxearen aurrean batuko dira, minutu bateko isilunea egiteko. Halaber, Derioko Udalak bat egin du Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) egin duen gaitzespen-adierazpenarekin eta, horren haritik, puntu lila bat jarrita du udaletxeko fatxadan. Gainera “elkartasuna” adierazi die biktimaren senideei eta lagunei. Egunean zehar deialdi gehiago egin daitezke.