Herritarrek Euskaraldian izena emateko epea zabalik dago

Aikor aldizkaria 2022ko ira. 29a, 13:19

Bi hilabete baino gutxiago falta da Euskaraldia hasteko, eta herritarrek bertan izena emateko epea zabaldu berri da. Hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozialak berrikuntzak ekarriko ditu aurten; esaterako, aurreko edizioetan izena eman zutenek parte-hartzea berretsi baino ez dute egin beharko, www.euskaraldia.eus webgunean edo jasotako mezu elektronikoaren bidez.

Bestalde, orain hasi eta ariketa bukatu arte, belarriprest eta ahobiziei informazioa eta aholkuak emango dizkiete herri-batzordeko eta koordinazioko kideek, ariketa ahalik eta modu erosoenean egin dezaten. Era berean, ikusgai ipiniko dira hizkuntza-ohiturak aldatzeko bidean parte-hartzaileek izan dituzten lorpenak, baita aurtengo ariketan dituzten erronkak ere. “Lorpenak behar ditugu, euskaraz bizitzeko urrats berriak. Zinez uste dugu lorpen askoren gehiketari esker joango garela gizartean euskararen presentzia handitzeko urratsak egiten”, esan zuten antolatzaileek atzo Bilboko Kafe Antzokian egindako ekitaldian. Ekitaldi horretan batu ziren herrietako batzordeetako kideak, entitateetako arduradunak, euskalgintzako eta gizarteko kideak eta erakundeetako ordezkariak, herritarrek Euskaraldian izena emateko epea zabaldu zela ospatzera. Beste batzuen artean, bakarrizketak, ikuskizunak eta musika-emanaldia gozatu zituzten.