Euskaltzaleen Topaguneak adierazi duenez, herrialde gehientsuenetan ospatzen diren tradizioen artean santu guztien egunaren bezperako jaia dago. “Esanahi handiko efemeridea da, hildako ahaideen memoria goresteko sortu baitzen. Halloween deitzen diote anglosaxoiek, Hildakoen eguna, latinoamerikarrek; eta gurean Arimen eguna deitu izan zaio aspaldidanik”. Hori abiapuntutzat hartuta eta Euskal Herriko usadio zaharra berreskuratze aldera, 2018an abiatu zuen Euskaltzaleen Topaguneak Gau Beltza egitasmoa. “Hiru urteotan bide emankorra egin du: herritar askok ospakizuna deskubritu eta bere egin dute. Egiten duguna gara, kultura baten nolakotasunak ematen baitio izatea herriari. Nola bizi, hala izan. Eta hori du hain justu Gau beltzaren inguruko lanketak helburu: gurean aspalditik errotutako ospakizuna indarberritu eta suspertzea”.