Lejarraga El Massouden kontra borrokatuko da Bilbon, azaroaren 12an

Aikor aldizkaria 2022ko urr. 5a, 14:25

Irailean iragarri zenez, Kerman Lejarraga boxeolari morgarra berriro borrokatuko da. Data eta lekua, azaroak 12 eta Bilboko La Casilla kiroldegia, zehaztuta zeuden, baina arerioaren izena, aldiz, ez zen jakina. Euskobox enpresa sustatzaileak gaur adierazi du boxeolari hori Fouad El Massoudi frantziarra izango dela.

El Massoudi Frantziako superwelter mailako txapelduna izan zen 2019an eta urte berean Europako txapelketa galdu zuen Sergio Garciaren kontra. Frantziarrak 34 urte ditu eta 11 urte daramatza profesional mailan. Bere ibilbidean, 18 garaipen, 18 porroteta berdinketa bat lortu ditu. Azken bolada honetan emaitza txarrak izan ditu, azken 10 borroketatik zazpi galdu dituelako.

Kerman Lejarraga Brighton herrira (Ingalaterra) joan da borroka prestatzera. Han, Chris Euban Jr Britainia Handiko pisu ertaineko boxeolaririk onenarekin ibili da entrenatzen. Morgako Errebolberrak azken borroka galdu zuen Bilbon, maiatzean, James Metcalf britainiarraren kontra. Porrot hura superwelter kategorian jaso zuen lehenengoa izan zen eta hirugarrena profesional mailan. Lejarragak 34 garaipen lortu ditu guztira, horietako 27, KOz.