Metroaren 5. linea eraikitzeko hitzarmena sinatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak

Aikor aldizkaria 2022ko urr. 21a, 15:06

Trazadurak bost geltoki berri izango ditu (Sarratu, Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Usansoloko ospitalea), eta 6,3 kilometro gehituko zaizkio metroaren sareari. Gainera, Euskotrenen Busturialdeko eta Durangaldeko linearekin lotuko da, beste kilometro eta erdi inguru gehiagoko ibilbidearekin. Bestalde, proiektua lau zatitan dago banatuta. Lehenengoak (Sarratu-Aperribai) 1.540 metroko  luzera izango du, eta Etxebarriko geltokiaren ondoren Euskotrenen Matiko-Etxebarri linearen aire zabaleko desbideratze moduan sortuko da; beraz, 3. linearen jarraipena izango da, eta, ondorioz , 5. linea ere Euskotrenen gain egongo da.  

Metro batzuk aurrerago, Sarratuko (Basauri) geltoki intermodala eraikiko da, gainazalean, baina estalita. Geltoki hori Euskotrenen eta Metro Bilbaoren arteko trukerako terminal gisa planteatu da. Hortik aurrera, trazadura osoa lurpean egingo da. Ibaizabal ibaiaren azpitik zeharkatuko da, Nerbioi ibaiarekiko lotunearen parean. Aperribaiko geltokiak erdiko nasa izango du eta cut & cover izeneko prozeduraren bidez eraikiko da, hau da, aire zabalean induskatuko da, pantailak jarriko dira eta berriro estaliko da.

Bigarren tarteak, Aperribai-Galdakao, 2.800 metroko luzera  izango du, eta Galdakaoko herrigunean amaitzen da. Bengoetxeko geltokia ere, ostalaritza-eskolaren parean egongo dena, cut & cover sistemaren bidez induskatuko da, baina kasu honetan alboko nasak izango ditu. Ondoren, meatze-tunela eraikiko da Galdakaoko Agirre Lehendakariaren plazaraino (Plaza Gorria esaten zaiona). Bertan, haitzulo-geltokia eraikiko da, Metro Bilbao motakoa. Terminalak sartzeko bi kanoi izango ditu, bata Bernart Etxepare kalean eta bestea Euskadi eta Juan Bautista Uriarte kaleen arteko bidegurutzean.

Hirugarren tarteak, Galdakao-Ospitalea, 1.930 metroko luzera izango du eta tunelean egingo du aurrera Galdakao-Usansoloko Ospitaleko geltokitik aurreraxeago iritsi arte; hau ere haitzulo motakoa izango da. Terminalak zuzeneko sarbidea izango du osasun-zentrotik, igogailuen bidez.

Laugarrenak Euskotrenen Busturialdeko eta Durangaldeko linearekin bat egingo du, Ospitaleko geltoki berritik abiatuta. Gaur egun informazio-azterlana idazten amaitzen dabiltza. Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu dute obra egiteko behar diren 360 milioi euroen % 50 jartzeko; obren lizitazioa datozen asteetan egingo da.