JMartina talde larrabetzuarrak kontzertua egingo du Udagoieneko Ostera programaren barruan

a: Madalen Paniagua 2022ko urr. 25a, 12:50

Euskaltzaleen Topaguneak Udagoieneko Ostera ekimena antolatu du berriro azarorako, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera. Programa horrek kultura hauspotuz euskararen erabilera sustatzea du helburu. Horren barruan, lau kontzertu egingo dira Bilbon, Igorren, Zallan eta Berrizen. Azken horretan JMartina talde larrabetzuarra arituko da azaroaren 26an.

Lau kontzertu-sortak Musikaren katebegiak du izena. Kontzertu bakoitzean talde bi arituko dira: lehenengoan, azaroaren 3an, Korrontzi eta Kalakan izango ditugu Bilboko Kafe Antzokian, 21:00etan; bigarrenean, azaroaren 12an, Niko Etxart eta Hapa Hapa eta Kerobia, Igorreko Lasarte Aretoan, 20:00etan; hirugarrenean, azaroaren 19an, Lin Ton Taun eta Sua, Zallako Antzokian, 20:00etan; azkenik, laugarrenean, azaroaren 26an, JMartina eta La Basu, Berrizko Kultur Etxean, 19:00etan.

Aurreko urte biotan, Udagoieneko Ostera ekimena online egin zen, eta aurten indarberrituta eta berrikuntzaz betea dator. Esate baterako, saioek musika eta umorea uztartuko dituzte. Hau da, talde bakoitzak 45 minutuko kontzertua egingo du, eta taldeen emanaldien artean Jon Gonzalez Txiki umoregileak, bakarrizketa. Programaren informazioa esteka honetan dago irakurgai: www.udagoienekoostera.eus. Webgunea eraberritu da eta bertan emanaldi eta talde bakoitzaren inguruko informazioa eskaintzeaz gain, euskal musikaren bilakaera historikoaren berri eman da, erabiltzaileek euskaraz abestutako kantagintzaren nondik norakoak ezagutu ditzaten.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).