Sute-arrisku handia dela-eta gauerditik aurrera berriro ere murrizketak eta debekuak aktibatuko dira

Aikor aldizkaria 2022ko urr. 26a, 11:08

Tenperatura altuen, lehortearen eta espero diren haize-bolada zakarren ondorioz, sute-arrisku handia dago. Horregatik, gaur gauerditik aurrera Euskadiko Kantauri isurialdeko barnealdean eta kostaldean murrizketak eta debekuak aktibatuko ditu Eusko Jaurlaritzak, “arrisku larria eragin dezaketen erabilera eta jarduketa jakin batzuk ahalik eta gehien mugatzeko, batez ere landa-ingurunean edo ingurune ez-urbanizagarrian”.

Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak murrizketak eta debekuak aktibatzeko ebazpena eman du. Murrizketak eta debekuak indarrean egongo dira Euskalmetek ezarritako alerta laranja mantentzen den bitartean, Basoko Suteetarako Larrialdietako Plan Berezia aktibatuta dagoen bitartean, eta Segurtasuneko sailburuordeak beste ebazpen bat eman arte; uste da igandean emango duela, egoera meteorologikoaren bilakaeraren arabera.

Hortaz, larrialdi-egoera dagoen bitartean, urriaren 27ko 00:00etatik aurrera murrizketa eta debeku hauek ezarriko dira landa-ingurunean edo ingurune-ez urbanizagarrian:

  • Sua erabiltzea edo sua eragin dezaketen jarduerak egitea, hala nola deflagrazioak, txinpartak edo deskarga elektrikoak sor ditzaketen makinak nekazaritza- eta baso-eremuetan erabiltzea.
  • Suak, petardoak eta pirotekniako elementuak erabiltzea eta barbakoak egitea. Debekua hiri-lurzoruan ere ezarri da, eta zuhaitzak edo zuhaixkak dauden lursailetatik, sastrakadietatik edo edozein eratako labore-sailetatik 300 metrora baino gutxiagora.
  • Bertan behera geratuko dira uztondoak, larre iraunkorrak, inausketako adarrak eta basoko hondarrak erretzeko emandako baimen guztiak.
  • Debekatuta egongo da erretzen ari diren objektuak edo sutea eragin dezakeen edozein eratako materialak botatzea edo abandonatzea.   

Murrizketak eta debekuak ez betetzea arau-hauste larritzat edo oso larritzat jo daiteke, eta 1.501 eurotik 30.001 eurora arteko isunak daude, ezarri ahalko diren zigorren artean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).