Derio, Lezama eta Sondikako Udalek bat egin dute "Kerik Gabeko Herriak" ekimenarekin

t: Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatea 2022ko urr. 27a, 09:38

Kerik Gabeko Herriak Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak sortutako ekimena da, helburu nagusi hauek dituena: gune osasungarriak sortzen jarraitzea (kearen esposizio pasiborik gabekoak), tabakoaren desnormalizazioa lortzea, kontsumoaren prebentzioa egitea eta kontsumitzen hasteko adina atzeratzea. Aldi berean, ingurumena hobetzea ere lortu nahi da, aire zabaleko gune batzuk zigarro-punta kutsatzaileetatik eta suteetatik babestuz eta biodibertsitaterako espazio aproposak sortuz.

Horrela, Derio, Lezama eta Sondikako Udalek Kerik gabeko guneen sarean eman dute izena. Sarearen partaide izateak Kerik gabeko gune sinboliko bat sortzea du helburu eta, horretarako, ez erretzea gomendatzen den gune fisiko bat mugatzen da. Ez da erretzea debekatzen. Herri bakoitzean hainbat esparru markatu dira Kerik gabeko gune moduan eta hurrengo asteetan zehar panelen bitartez markatuko dira.

Sondikan 2 eskola ingurune (haur eskola eta Gorondagane eskolaren inguruak), 7 parke (Txorisolo parkea, Goiri plaza - Liburutegia, Goiri Erdiko plaza, Larrabarrena haur parkea, Ludotekako parkea, Izartza-San Martin parkea eta Sondikako Gaztetxeko inguruak) eta herrian dauden 4 kirol gune  (Gorondabeko kiroldegia, Artebe kiroldegia, Larrabarrena kirol kantxa eta skate pistak) zehaztu dira.

Derion, ere, 2 eskola ingurune, haur eskola eta Derioko Herri eskola, halaber; 7 haur parke: Uribe parkea, Pirata Barkua, Eliza ondoko parkea, Udaletxearen aurreko aldean dagoen plaza eta Landabarri, Gastañatxu, Errekatxueta  kaleetan dauden parkeak, eta, 4 kirol gune desberdin (kiroldegia, Gaxianeko kirol pistak, Derioko Futbol Zelaia eta Udako Igerilekuaren inguruak) aukeratu dira.

Lezaman, azkenik, eskola publikoaren ingurua eta 5 haur parke zehaztu dira kerik gabeko gune moduan: udaletxe aurreko parkea, elizako parkea, Euskaldun Berri plaza, Kurtzeko parkea, Txoko ondoko parkea eta Ikastetxe inguruko parkea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).