Umeentzako Gabonetako Parkea abenduaren 18tik urtarrilaren 8ra bitartean egongo da zabalik BECen

Aikor aldizkaria 2022ko urr. 27a, 14:18

Pandemia dela eta, azken urte biotan, Umeentzako Gabonetako Parkea (PIN/UGP) ez da Bilbao Exhibition Centren (BEC) atondu, baina aurten bai, ordea. Horretarako, BECeko hiru pabiloi (lehenengoa, hirugarrena eta bosgarrena) erabiliko dira abenduaren 17tik urtarrilaren 8ra bitartean. Aurten, UGP 56. aldiz egingo da. 

Ordutegi orokorra 11:00etatik 20:00etara izango da, abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean izan ezik (11:00etatik 17:00etara  izango da). Jaiegunetan (abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an) itxita egongo da, eta abenduaren 19tik 22ra bitartean, ordutegia 10:00etatik 19:00ak arte izango da. Aurten, lehendabiziko aldiz, sarrerak webgune ofizialaren bidez erosi ahal izango dira esteka honetan.

UGPn heziketa eta aisialdia uztartuko dira betiko moduan. Izan ere, tailerrak eta ekitaldiak bultzatuko dira balioak umeei helarazteko: elkartasuna, gizatasuna, berdintasuna, jasangarritasuna, bizitza osasungarria eta familia. Gainera, Parkeak euskararekiko konpromisoa berretsiko du. Helburuak lortzeko, hainbat erakundek hartuko dute parte UGPn: Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Portu Agintaritzak, BBK Fundazioak, Athletic Fundazioak, Bizkaiko Suhiltzaileek, Eskubaloi, Saskibaloi eta Tenis Federazioek, Garbikerrek eta Euskadi Fundazioa, Bizkaibus edo Bilbao Basket. 

Gainera, atrakzio ugari ere itzuliko dira: Eurogiro con Humo, Wipe Out, Txiki Park, Olla, Take, Off, Ninja Dortokak, Popof Trena, Haurrentzako Noria, Ohe Elastikoak, Baby Cadenas, Trena, Mantxinsaltoa, Autotxokeen Haurrentzako Pista, Ollitas, Mini Canguro, Frozenen Konbinatua, Patrulla Canina Txirrista, Multiarcos, Wipe Out, Supercanguro edo Zezen Mekanikoa, besteak beste. Kart elektrikoena eta izotz-pista arrakastatsuenetarikoak ere bertan izango dira.