Suspertu Digitala programaren bidez eskualdeko enpresen digitalizazioa bultzatu nahi du EGAZ Txorierrik

Aikor aldizkaria 2022ko urr. 27a, 14:41

Suspertu Digitala programaren baitan hainbat ekintza egingo dira azaroan, hala nola erakustaldi-tailerrak, prestakuntza-jardunaldiak eta laguntzei eta dirulaguntzei lotutako aholkularitza pertsonalizatua. Helburua da enpresen erronkak ezagutzea eta, behar izanez gero, euren digitalizazio-plana bultzatzea. Programa Bizkaiko Foru Aldundiko Bizkaia Orekan egitasmoaren barruan dago. Izena ematea hemen egin daiteke, egaz@txorierri.eu helbide elektronikora idatzita edo 944 536 370 telefono zenbakira deituta.  

EGAZ Txorierrik (Txorierriko Udaletako Ekonomia eta Enplegu Sustapenerako Zerbitzua) jakinarazi duenez, programaren ekitaldirik nabarienetariko bat da Suspertze Digitala topaketa. Hori azaroaren 10ean egingo da Bic Bizkaia Ezkerraldean, Barakaldon, 09:30etik 11:30era. Bertan, adibide praktikoak aztertuko dira, industria-enpresei digitalizazio-konponbideak erakusteko, besteak beste, hurrengo esparru hauetan: prozesuen eta industria-aktiboen monitorizazioan, mantentze prediktiboan eta ekoizpen arduratsuan. Topaketa elkarlanean antolatu dute EGAZ Txorierrik, Inguraldek, Enkarturrek eta Mungialdeko eta Meatzaldeko Behargintzek. Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundu du, eta Ermuako Udalak eta Gaiak ere laguntza eman dute.

Topaketaren ondoren, Txorierriko enpresek EGAZ Txorierrira eta gainerako antolatzaileetara jo ahalko dute ibilbide-plangintza diseinatzeko. Plangintza horretan beharrizanak lehenetsiko dituzte, eta konponbideak topatu. Ondoren, pilotu bat garatuko dute eta 2.500 euroko laguntza jasoko dute horretarako. Pilotua enpresan ezarri beharko dute, beste programa eta dirulaguntzez baliatuta.  

Beste aldetik, bihar, urriak 28, networking gosari bat egingo da EGAZ Txorierriko egoitzan, eta han fabrikazio gehigarria eta 3D inprimaketa izango dituzte hizpide. Era berean, azaroaren 3an Enpresa Automatizatua jardunaldia egingo da. SPRIk aholkularitza espezializatua eta teknologikoa eskainiko die parte-hartzaileei, ohiko zereginak automatizatu ditzaten eta, hortaz, eraginkortasuna bultzatuta euren negozioa suspertu dezaten.

Azaroaren bigarren hamabostaldian, arreta marketineko soluzio digitaletan ipiniko da. Horrela, azaroaren 16an jardunaldi hau egongo da EGAZ Txorierriko egoitzan: B2B enpresa eta enpresa industriala nazioartekotzeko marketin digitala. Enpresek marketin digitalaren bidez salmentak nola handitu ezagutuko dute bertan. Azkenik, hilaren 18an eta 24an webinar-a egingo da, prozesuak digitalizatzeko irtenbideak eta email marketina lantzeko. Horrezaz gainera, hilaren amaieran aztertuko da kanal digitalak industria-azoketan enpresen presentzia errentagarri bihurtzen nola lagundu ahal duen, eta Linkedin gizarte-sarea sakonduko da.      

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).