“Unai Santamaria gure jokalari ohia Kenyara joan zen oporretan maiatzean, eta erabaki genuen arropa hara bidaltzea. Guztira 25-30 kit bidali ditugu umeak babesteko Afrikako zentrora (ACCCP): txandalak, kamisetak... Santamariarekin batera Ariz Basauriko taldeko kide bat joan zen oporretan eta haiek gauza bera egin zuten. Beraz, Nairobiko neska-mutilek Zamudioko taldeko arropaz gainera, Ariz taldekoa ere jaso dute. Basaurikoek jokatzeko kamisetak bidali zituzten. Elkarlana kasualitatez sortu da”, azaldu digu Fidel del Prado Zamudio KE taldeko presidenteak.
Ez da lehenengo aldia izan talde zamudioztarrak halako ekintza bat egin duena. “Urtero aldatzen dugu jokalarien arropa eta hori behar dutenei ematen diegu. Txus Martin gure kolaboratzailea gobernuz kanpoko erakunde bateko kidea da eta bere bitartez hainbat lekutara bidali dugu arropa azken 15 urteotan: Indiara, Saharara... Iaz, esate baterako, Aita Mari aterpetuen itsasontzira bidali genuen”, azaldu digu del Pradok.