Kerman Lejarragaren hurrengo borroka bertan behera utzi dute

Aikor aldizkaria 2022ko aza. 3a, 12:21

Entrenatzen zebilela, Kerman Lejarraga boxeolari morgarrak min hartu du eskuan, eta ondorioz, ezin izango du hurrengo borrokan parte hartu. Lejarragak azaroaren 12an, Bilbon, borrokatzeko asmoa zuen Fouad El Massoudi frantziarraren kontra.

“Benetan saiatu naiz, baina izugarri nabil sufritzen eta azkenean, medikuek ez borrokatzeko gomendioa eman didate, lesioak okerrera egitea nahi ez badut. Dena dela, boxeo-ekitaldira joango naiz, boxeolariak animatzera eta borrokez gozatzera. Laster itzuliko naiz, osatuta eta askoz indartsuago. Eskerrik asko zuen babesarengatik”, esan du morgarrak gizarte-sareetan.   

El Massoudi Frantziako superwelter mailako txapelduna izan zen 2019an eta urte berean Europako txapelketa galdu zuen Sergio Garciaren kontra. Frantziarrak 34 urte ditu eta 11 urte daramatza profesional mailan. Bere ibilbidean, 18 garaipen, 18 porroteta berdinketa bat lortu ditu. Azken bolada honetan emaitza txarrak izan ditu, azken 10 borroketatik zazpi galdu dituelako.

Kerman Lejarraga Brighton herrira (Ingalaterra) joan da borroka prestatzera. Han, Chris Euban Jr Britainia Handiko pisu ertaineko boxeolaririk onenarekin ibili da entrenatzen. Morgako Errebolberrak azken borroka galdu zuen Bilbon, maiatzean, James Metcalf britainiarraren kontra. Porrot hura superwelter kategorian jaso zuen lehenengoa izan zen eta hirugarrena profesional mailan. Lejarragak 34 garaipen lortu ditu guztira, horietako 27, KOz.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).