Euskaraldia gaur aurkeztu da Txorierrin

Aikor aldizkaria 2022ko aza. 4a, 20:31

Euskaraldia, hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa, azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingo da hirugarren aldiz. Horrek euskararen erabilera handitzea du helburu eta gaur aurkeztu da Txorierrin, Baserri Antzokian. “Hitzez ekiteko garaia” hartu dute aurten lelotzat.

“Pandemia atzean utzi nahi dugu eta kaleak berreskuratu; jendeak Euskaraldia datorrela jakin dezala, lehenengo edizioaren ilusioa berreskuratu”, esan du Aitziber Argiarro Txorierriko Euskaraldiaren dinamizatzaileak. “Aurten Txorierrin gazteen batzordea sortu dugu lehendabiziko aldiz, gazteek espazio propioa izateko”.

Ekitaldian, hainbat euskaltzale batu dira eta herri bakoitzeko batzordekide bat aritu da eszenatokiaren gainean: Txaro Martin (Derio), Patxi Gaztelumendi (Larrabetzu), Iñaki Lekerika (Lezama), Gabriel Etxebarria (Zamudio), Alaitz Zabala (Sondika) eta Paule España (Loiu). Guztiek Euskaraldian parte hartzeko eta euskaraz aritzeko gonbita egin dute. Lekerikak, esate baterako, azpimarratu du euskarak nortasuna ematen digula; Zabalak, halaber, euskara gure ondarea dela eta zaindu behar dugula.

Gainera, euskal dantza-taldeek Euskaraldiaren abestia aurkeztu dute, Esazu hitz bat. Musika Xabier Zabalak egin du eta Andoni Egaña bertsolariak hitzak jarri dizkio. Saioa biribiltzeko, bideoa eman da eta Ane Lindanek bakarrizketa umoretsua egin du.

 

Informazioa:

txorierri.euskaraldia@gmail.com

688 634 485 (Aitziber)

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).