TOKIKOMek bere bazkideak saritu ditu, azken 10 urteotan elkarrekin egindako bidearen omenez

Aikor aldizkaria 2022ko aza. 14a, 09:35

Joan den barikuan, azaroak 11, TOKIKOM Sarien zazpigarren edizioa egin zuen TOKIKOMek, Toki Komunikabideen bateraguneak, Oñatiko ArantzazuLABen. Aurreko edizioetan ez bezala, kazetaritza-lan zehatzen ordez, komunikazio-proiektu osoak aukeratu zituen aurtengo ediziorako, eta bazkide guztiak saritu, 10 urtean egindako bidea ospatu eta aldarrikatzeko; komunikazio-proiektuen artean Aikor! Txorierriko aldizkaria dago.

“Espero genuen baino askoz gehiago aurreratu dugu TOKIKOM martxan jarri zenetik. Hori bazkide guztiek egindako ahaleginari eta bultzadari esker izan da eta iruditu zaigu aukera ezin egokiagoa dela ahalegin eta lorpen horiek duten meritua aitortzeko”, esan zuen Joxe Rojasek, TOKIKOMeko IKT eta Komunikazio zuzendariak.

Sariak banatzeaz gain, 10 urte, hamaika ahots ikus-entzunezkoa ikusi zen, TOKIKOMen historiari errepasoa egiteko. Baina iraganari baino, etorkizunari begiratzeko eguna izan zen eta bazkideek talde moduan dituzten erronkak izan zituzten hizpide. “Gure hausnarketa estrategikoan onartu dugu TOKIKOM komunikabide-talde izatetik komunikazio-taldera izatera pasatu behar duela, eta horren inplikazioak zehazten joan behar dugu pixkanaka-pixkanaka”, adierazi zuen Alaitz Artolazabal zuzendari nagusiak.

Beste erronka handi bat finantzazioa da. Iban Arantzabal TOKIKOMeko presidentearen esanetan, “alde batetik, formula berriak bilatu behar ditugu gure komunitatearen sostengua handitzeko: kidetza-formula berriak sortu, produktu berriak eskaini…; beste aldetik, dirulaguntza publikoei dagokienez, azken urteetan landutako akordioetan sakondu eta formula berriak adostu beharko genituzke, betiko laguntza lehiakorren eskamatik atera eta hitzarmen egonkorragoak lortzeko, oraingo ziurgabetasuna desagertu dadin”.

Barikuko ekitaldia barrurako begira izan da, baina ez da bakarra izango. Horrela, aste honetan TOKIKOMeko dozena bat lagunek osatutako taldea Bartzelonara joango da, ACPC Associació Catalana de Premsa Comarcal elkartearen 40. urteurrenera, eta 2023an jardunaldi publikoak antolatuko ditu, Europako komunikabideen errealitatea eta erronkak aztertzeko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).