Aiala Uriarte Gordon sondikoztarrak Emakume Master Cup txapelketa irabazi du

a: Nexis 2022ko aza. 14a, 13:56

Emaitza garbia lortu zuen atzo Aiala Uriarte Gordon sondikoztarrak Emakume Master Cup Lau eta Erdiko txapelketaren promesa kategoriaren finalean eta pilota mistoa erabilita. Txorierriko pilotariak 18 eta 2 irabazi zion Enara Anitua aulestiarrari Gordexolan. Txapelaz gainera, garaipenak argi eta garbi utzi du agerian Uriartek etorkizun handia duela pilotan. Uriarte Lezamako pilota klubeko pilotaria da eta Anitua, Lea Ibarrakoa.

Txapelketa urrian hasi zen eta aurreko asteotan kanporaketak jokatu dira. Hamalau urte baino ez ditu, baina Aiala Uriarte aurrerapauso sendoak egiten dabil pilotan. Izan ere, iaz Bizkaia Cup Txapelketa irabazi zuen goxo kategorian, baita Emakume Master Cup Binakako Txapelketa ere. Atzoko finalean, lehenengo tantoa Anituak lortu zuen, baina handik aurrera, sondikoztarrak ez zion arerioari irabazteko aukerarik eman. Anitua ez da pilotari makala, urrian Hiru Hiriburu Binakako txapelketaren finalista izan baitzen.

Egun eta leku berean, beste kategorietako finalak ere jokatu ziren Gordexolan eta giro ederra egon zen frontoian. Goxo mailei dagokienez, Uxue Lopez Okarizek 18 eta 4 irabazi zion Onintza Galdosi gazte kategorian; eta Marie Goyenetche senpertarrak, 18 eta 10, Nagore Aramendi azpeitiarrari, senior kategorian. Beatriz Atienza Gordexolako Berdintasuneko zinegotziak eta Jose Maria San Pedrok, Kiroletakoak, jantzi zizkieten txapelak garaileei.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).