Euskalmetek iragarri duenez, barikua ere euritsua izango da. Kantauri isurialdean botako ditu zaparradak sarriago eta indar handiagoz eta baliteke han trumoi-ekaitza izatea egunaren hasieran, batez ere kostaldean. Arratsaldea aurrera joan ahala atertuz joango da eta hodeiak gutxitu egingo dira. Azken orduetan zerua tarteka hodeitsu egongo da eta ateri eutsiko dio ia leku guztietan. Mendebaldeko edo ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, kostaldean bizi. Egunaren amaieran hegoaldeko haizea ibiliko da berriro. Tenperaturak berdintsu jarraituko du; zenbait lekutan minimoak egunaren amaieran neurtuko dira.