Sondikako Udalak, esaterako, elkarretaratzea deitu du 19:00etarako Ikurrina Plazan. Garrasia talde feministak ere elkarretaratzea egingo du Ikurrina Plazan. Hitzordua 20:00etan ipini dute eta “Aurre egingo dizueten emakumeak” ekintza egingo dute bertan. Gainera, azaroaren 27rako antolatu dute sexu-esplotazioari buruzko hitzaldia. Hori Emargi elkarteko Lucia Nietok zuzenduko du eta 18:00etan izango da Kultur Aretoan.
Loiun, 12:00etan bilduko dira Udaletxeko plazan. Derion, bestalde, “Tantaz tanta, marea morea” lelopean eta udalak antolatuta, martxa egingo da eskolatik udaletxeraino. Eskolatik 10:45ean aterako dira eta 11:30ean elkarretaratzea egingo dute. Koxak Derioko talde feministako kideek ere elkarretaratzera deitu dute. Herriko plazan 19:30ean batuko dira eta lapikokada zaratatsua egingo dute. Era berean, domekan, azaroak 27, Cárceles Bolleras, resistencias de las mujeres entre rejas zineforuma izango dute 18:00etan Marikobason.
Zamudion bi elkarretaratze izango dira gaur: bata 12:00etan, udaletxearen aurrean, eta udalak deitua; eta bestea, 19:00etan, beira-arasaren aurrean, Zapata Gorriak talde feministaren eta Lagunandre elkartearen eskutik. Performancea ere egongo da. Horrezaz gainera, bihar, azaroak 26, Zu eta ni, berdin ipuin-kontakizuna egingo da 11:30ean, udal-liburutegian, eta 18:00etan gynkana feminista izango da Gaztestazioan. Era berean, eta “Genero-berdintasunaren alde eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurka” lelopean, boxeo-emanaldia egongo da 19:00etatik aurrera kiroldegian. Ekintza antolatu du Zamudio Boxeo Taldeak eta orotara zazpi boxeo-borrokaldi egingo dira, zeinetan emakumeek zein gizonek parte hartuko baitute. Azkenik, azaroaren 29an, Las abuelas son guerreras antzezlana ikusteko aukera egongo da Adintsuen Etxean, 18:00etan.
Beste alde batetik, aipatu beharra dago Zamudioko Udalak hiru film labur egin dituela, genero-indarkeriari lotutako egoerak salatzeko eta herritarrak kontzientziatzeko. Zapata Gorriak talde feministak ere bideoa egin du eta hori gizarte-sareen bidez zabaldu du. Ikus-entzunezko lanean herriko gazteek hartu dute parte, eta bertan islatu dituzte emakumeek egunerokotasunean jasaten dituzten indarkeria matxista-motak, herritarrei zer pentsatua emateko. Bideoa hemen dago ikusgai.
Lezamako Udalak adierazpen instituzionala egin du leku publikoetan emakumeek jasaten duten sexu-jazarpena eta -indarkeria salatzeko. Arratsalderako, eta Moreak Lezamako elkarte feministarekin batera, elkarretaratzera deitu du. Elkarretaratzea 19:00etan egingo dute Hilario Astorki plazan. Ekintzan Burrundadie batukada taldeak hartuko du parte, eta Ausartak herriko emakumeen antzerki-taldea performancea egingo du.
Azkenik, Larrabetzuko Udalak mozioa onartu du indarkeria matxistaren aurka. Zutunik! Larrabetzuko talde feministak antolatuta, 19:00etan, indarkeria matxistaren aurkako irakurketa kolektiboa egingo da plazan. Domekan, azaroak 27, Erre. Aldari bat bertsoz ikuskizuna gozatzeko aukera egongo da 18:30ean, Hori Bai gaztetxean.