Umeen Gabonetako Parkea zapatuan irekiko da

Aikor aldizkaria 2022ko abe. 14a, 10:32

Zapatu honetan Umeen Gabonetako Parkeak (UGP) ateak irekiko ditu 56. aldiz, Bilbao Exhibition Centren (BEC), Barakaldon. UGP urtarrilaren 8ra arte egongo da zabalik. Aurten, parkeak hiru pabiloi hartuko ditu, aurreko edizioetan baino bat gehiago. Sarrerak online eros daitezke esteka honetan.  

Ordutegi orokorra 11:00etatik 20:00etara izango da, abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean izan ezik; egun horietan 11:00etatik 17:00etara izango da. Abenduaren 19tik 22ra, aldiz, hau izango da ordutegia: 10:00etatik 19:00etara. UGP hiru egunetan egongo da itxita: abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an. 

Parkea hiru eremutan atondu da: BECeko lehenengo pabiloian kirol-jarduerak izango dira; hirugarrenean, babesleen stand-ak, hau da, Bilboko Portuaren Autoritatea, BBK Banku Fundazioa, Bizkaibus, Bizkaiko Foru Aldundia... eta bosgarrena atrakzioena izango da: autotxokeak, zezen mekanikoak, eltzeak, mini-kangurua eta super-kangurua, sorginaren trena, ninja-dortokak, noria, ohe elastikoak eta wipe out.  

Betiko moduan, UGPk ildo batzuk izango ditu: euskara, heziketa eta dibertsioa. Eta horiei lotuta zenbait balio sustatuko ditu: elkartasuna, gizatasuna, jasangarritasuna, berdintasuna, familia eta bizitza osasungarria. Elkartasunaren haritik, esate baterako, jostailuak batuko dira lehenengo pabiloian, Bizkaiko Gurutze Gorriaren laguntzarekin. Bestalde, kirolak ere garrantzi handia izango du, parkean zenbait txapelketa egingo baitira: lasterketak, mini-olinpiadak, mahai-tenis, eskubaloi eta saskibaloi lehiak... Gainera, Beisbol Bizkaiko Federazioak bateatze tunela jarriko du, umeek kirol horretan lehenengo pausoak egiteko. 

UGPk neurri bereziak hartuko ditu, aniztasun funtzionala duten pertsonek parkea gozatzeko. Esate baterako, abenduaren 19tik 22ra bitartean, 15:00etatik 19:00etara, desgaitasuna duten erabiltzaileek eta bere laguntzaileek lehentasunezko sarbidea izango dute leihatiletan. Gainera, salneurria eta pabiloietako soinua eta argiteria egokituko dira.