Fitxaketa berriei esker Beste Bira indartu da 2023ari begira

Aikor aldizkaria 2022ko abe. 19a, 13:54

Beste Bira Txorierriko atletismo-taldeak jakinarazi duenez, aurretik erronkaz betetako denboraldia dute. Izan ere, klubean 11 atleta berri sartu dira seniorren eta masterren kategorietan. “Hainbat modalitatetan dabiltzan kirolariak dira, baina atletismoa modu berean ulertzen dute: haien lehentasun handiena da taldean disfrutatzea”, azaldu dute.

Hortaz, sei urte bete dituen egitasmoan atleta hauek ibiliko dira datorren urtetik aurrera: Igor Garcia Zarraga, Bizkaiko atletismoaren erreferentea izateaz gainera, gaur egungo Euskadiko kros txapelduna dena (M45) eta atzo Itziar memoriala irabazi zuena; Laurent Williams atleta ospetsua; Jonmi Trebolazabal, mendi-lasterketetan ibilitakoa; Asier Aranburu, munduko errekordunetako bat (4x800); Oskar Martin; Luis Plasencia; Aitor Sanchoyerto; Teo Alonso;  Ramón Gordon;  Gabi Cuesta; eta Rubén Fonseca. “Fitxaketa horiei esker, erronka berriei heltzeko moduan izango gara. Ilusio berriak ekarriko dizkigute; hala ere, helburu nagusia beti izango da gure pasioa elkarrekin disfrutatzea. Bestalde, orain dugun erronketako bat da datorren denboraldirako emakumeen talde federatua lortzea”.

Aipatutako fitxaketa berriez gainera, Beste Bira Txorierriko atletismo-klubean atleta hauek dabiltza: Javier Allende, Josemi Benitez, Martin Mac Gragh , Eduardo Manzanos, Alberto Uzabal, Jon Irazusta, Jon Gangoiti, Egoitz Piñeiro, Javi Aguirre, Mikeldi García, Aitor Gaztañaga, Joseba Bermejo, Unai Careaga  eta Iuri Ortiz de Anda. “Arreta datorren urtean ipini behar dugu orain, eta urteko lehen hitzordu handian: Bizkaiko Kros Txapelketa Absolutuan, urtarrilaren 8an Ortuellan egingo dena”.

Zamudioko eskola- eta herri-krosa

Beste Bira klubak atletismo-eskola ere badu Derion, Zamudion eta Larrondon, eta horietan 100 ume inguru dabiltza. Gainera, otsailean Zamudioko eskola- eta herri-krosa antolatuko dute bigarren aldiz. Iazko proban 1.000 lasterkarik hartu zuten parte eta 2.000 bat zale batu ziren. “Lasterketak egongo dira Foru Aldundian izena emanda duten umeentzat eta gazteentzat. Txikientzako lasterketa ere egingo da, baita federatuta ez daudenentzat ere”. Informazio gehiagorako, whatsappa bidali daiteke 609 417 996 telefono-zenbakira.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).