Gabonetako menua

e: Maite Lekerika; a: Picjumbocom, Tim Douglas eta Cottonbro Studio (Pexels) 2022ko abe. 22a, 13:13

Maite Lekerikak menu gozo-gozo hau proposatu digu Gabonetarako: zurrukutuna, bakailaoa pikillo-saltsarekin eta kalabaza-budina. On egin!

Zurrukutuna edo bakailao-zopa

Osagaiak (lau lagunentzat):

-200 g bakailao (gezatua)

-150 g ogi siku

-6 berakatz-ale

-3 piper txorizeroren mamia

-Pipermin zati bat

-Litro erdi salda (bakailaoaren hezurrak eta azala erabilita egina)

-3 arrautza

-Oliba-olioa

Prestatzeko era:

Kazola batean olio-zurrusta handia botako dugu, eta bertan bakailaoa frijitu (aldez aurretik zatituta). Bakailaoa frijitu dugula, kazolatik aterako dugu. Berakatzak orritxoetan moztu, eta kazolara botako ditugu. Gorritzen hasten direnean, ogia gehituko dugu eta frijituko dugu harik eta olio guztia xurgatzen duen arte. Piper txorizeroa gehituko dugu, pipermina eta salda. Egosten izango dugu 15 minutu inguru, su eztian. Azkenik, arrautzak irabiatuko ditugu eta zopari gehitu. Eginda dagoenean, beharrezkoa bada, gatza botako dugu, eta bakailaoa gehitu.

 

Bakailaoa pikillo-saltsarekin

Osagaiak (lau lagunentzat):

-200 g-ko 4 bakailao-trontzo gezatu

-4 berakatz-ale

-6 pikillo

-Ardo zuri-zurrusta bat

-Arrain-salda apur bat

-Oliba olio-zurrusta bat

Prestatzeko era:

Kipula txikitu, eta zartagin batean erregosiko dugu su eztian. Bost minutu pasatu direla, berakatzak gehituko ditugu, apur bat egin, eta gehituko ditugu pikilloak (zerrendetan ebakiak) eta ardo zuria. Bost minutu pasatzen direnean, zartaginetik atera, ondo irabiatu, eta behar beste arrain-salda botako diogu. Beharrezkoa bada, gatza apur bat botako dugu. Bestalde, kazola batean bakailaoa ipiniko dugu, azala gorantz. Saltsa gainetik botako diogu eta sutan ipiniko dugu. Hamar minutuan egingo da. Beharrezkoa izanez gero, berriro botako dugu gatza.

 

Kalabaza-budina

Osagaiak (lau lagunentzat):

-150 g kalabaza (laban errea 170 gradutan).

-3 arrautza

-50 g azukre

-250 ml esne osoa edo esnegaina

Karameloa egiteko: 60 g azukre, ur apur bat eta koilarakada bat limoi-ur (edo egindako karameloa)

Prestatzeko era:

Egindako karameloa erabiliz gero, hura metalezko lau ontzitan botako dugu. Alabaina, norberak egiten badu, su eztian egingo dugu kolorea hartu arte. Osagai guztiak irabiatuko ditugu, ontzietara bota eta labe beroan egingo dugu Maria bainuan.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).