Atzo 40 urte bete ziren Loiu, Sondika, Derio eta Zamudio Bilbotik desanexionatu zirela

Aikor aldizkaria 2023ko urt. 2a, 12:04

1982ko abenduaren 20ko Dekretuari jarraituz, 1983ko urtarrilaren 1ean Bilbotik desanexionatu ziren Loiu, Sondika, Derio, Zamudio eta Erandio. Horri esker garatu ahal izan ziren berezko araudia, finantzaketa eta zerbitzu publikoak. Abenduaren 29an, ekitaldi instituzionala egin zen Sondikan eta han aipatutako herrietako alkateek hartu zuten parte.

Ekitaldian, garai hartan desanexioaren alde lan egin zuten hainbat pertsona ekarri ziren gogora. Ekitaldian hauek hartu zuten parte: Esther Apraiz, Igotz López, Xabier Zubiaur eta Josu Andoni Begoña Derioko, Zamudioko, Sondikako eta Loiuko alkateak, hurrenez hurren. Gainera, hauek ere bertan izan ziren: Juan Mari Aburto eta Aitziber Oliban, Bilboko eta Erandioko alkateak, hurrenez hurren, eta Elixabete Etxanobe Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua. Guztiak San Roqueko baselizan batu ziren, elkarrekin argazki bat egiteko.  

Txorierriko alkateek erakundeen arteko lankidetza azpimarratu zuten. Desanexioa lortu zen, pertsona eta erakunde askok elkar ulertzea lortu zutelako; izan ere, hori da herritarren arazoak konpontzeko oinarria”, esan zuen Xabier Zubiaurrek. “Pertsona batzuek gaur hemen gauden herrien nortasuna ulertzearen aldeko apustua egin zuten”, gaineratu zuen Esther Apraizek.

 

Oroitzapena

Desanexioa gogorarazteko, panelak egin dira. Horietan garai hartan gertatutakoa eta Bilboko Udalak udal berriei eman zizkien tasazioa eta baliabideak jaso dira. Bestetik, Erandioko Jon Alberdi Bastida eskultoreak egindako lan bana jaso zuten Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Halaber, deialdia egin duten udalek oroitzapenezko eskultura ere eskatu dute, eta hori herrietan erakutsiko dute. Udalek desanexioa ospatzen jarraituko dute eta zenbait ekintza egingo dituzte 2023an.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).