Urte berria, berbalagun berria

Aikor aldizkaria 2023ko urt. 12a, 11:38

Ohikoa denez, asmo onez beteta etorri zaigu urtarrila eta haietako bat euskara hobetzea edo euskaraz gehiago egitea da, ziur asko. Berbalagun egitasmoa tresna eraginkor baino eraginkorragoa da helburuei heltzeko, beste euskaldun batzuekin eta gure asmo berak dituzten beste lagunekin harremanetan ipintzen gaituelako eta aisialdia euskaraz emateko aukera ekartzen digulako. Gainera, izena ematea ikasturte osoan dago zabalik.

Txorierritar guztiek dute berbalagun-taldeetan parte hartzeko aukera, etxetik hurbil-hurbil. Egitasmoak elkartzen ditu euskaraz egiteko ohitura duten lagunak eta mintzapraktika egin nahi dutenak, astean behin eta nahi dutena egiteko: kafe bana hartu, solasaldian ibili, paseoa egin… Partaideak euskaraz aritzen dira eta praktikaren bidez lortzen dute ahozkoa hobetzea, ezagutza handitzea, harremanak euskaraz lantzea eta euskararen kale-erabilera handitzea.

Bestalde, berbalagun batzuek mendi-taldea osatu zuten duela urte batzuk eta harrezkero martitzenetan ibiltzen dira mendirik mendi, Bizkaiko parajeak deskubritzen. Era berean, aukera dago beste herri batzuetako berbalagunekin hainbat ekintzatan parte hartzeko, hala nola irteeretan, afarietan eta ikastaroetan. Horren harira, aipatu beharra dago datozen hilabeteetarako antolatu direla talo ikastaroa eta sagardotegi batera irteera. Ekintza bietako zehetasunak hurrengo egunetan jakinaraziko dira.

Azkenik, Gurasolagun egitasmoa aukera ederra da seme-alabak dituzten txorierritarrentzat. Bertan batzen dira euskaraz hitz egiteko ohitura duten gurasoak eta euskaraz egiteko zailtasunak dituztenak, umeekin batera zenbait ekintza euskaraz egiteko, adibidez, jolasak eta tailerrak. Izan ere, gurasoak eredu dira seme-alabentzat!

Berbalagun egitasmoan zein Gurasolagun egitasmoan izena emateko, 660 270 706 telefono-zenbakira deitu daiteke, edo txorierri.berbalaguna@gmail.com helbide elektronikora mezu bat idatzi. Txorierriko euskara elkarteetan, euskaltegietan edo Mankomunitatean ere galdetu daiteke. Ikasturte honetako leloak dioenez, “mintzapoza” praktikatu. Gainera, aukera da Euskaraldiari jarraipena egiteko eta hizkuntza-ohiturak aldatzen segitzeko.        

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).