Boxeolariz gainera, sustatzaile ere ibiliko da Kerman Lejarraga

Aikor aldizkaria 2023ko ots. 9a, 12:14

Kerman Lejarragak Pzremyslav Runowski boxeolari poloniarraren kontra borrokatuko du Madrilgo WiZink Center aretoan, apirilaren 29an. Lehendabiziko aldiz, morgarra sustatzaile ibiliko da eta bere borroka Gold Boxing ekitaldiaren barruan dago. Beste goi-mailako borroka batzuk ere egingo dira bertan.

“Ekitaldia potoloa izango da, zaletuak erakarri nahi ditugu, Estatuko boxeoak gora egiteko. Nik normalean Bilbon borrokatzeko aukera dut, baina hainbat eta hainbat boxeolarik kanpora joan behar dute borrokatzeko. Ez da zilegi. Beraz, Ingalaterran gertatzen den moduan, ikuskizun oparoa eskaini nahi diegu zaletuei”, esan du Lejarragak Marca egunkarian. Bere enpresak Kamikaze du izena eta erronka nagusia 14.000 pertsona WiZink Center aretoan sartzea da. “Madrilgo zaletuak zorrotzak dira, baina ikuskizuna polita bada, hara joango dira”.

 

Borrokak

Azken hilabeteotan, Lejarraga min hartuta ibili da, baina gaur egun erabat osatuta dabil eta apirilean itzuliko da ringera. Errebolberrak (34-3, 26 KOz) Europako superwelter gerrikoari uko egin zion, helburu handiagoak lortzeko: superwelter kategoriako IBO Internacional munduko txapelketa. Eta horretarako, Runowskiren kontra sartuko da lehian. Poloniarrak (18-2, 5 KOz) duela hiru urte galdu zuen WBA erakundearen welter kategoriako gerrikoa irabazteko aukera, Josh Kellyren kontra porrot egin zuelako. Hala ere, munduko titulua oraindik ere bada bere helburua. Iaz, Kontinentearteko txapelduna izan zen kategoria berean.

Lejarragaren eta Runowskiren arteko lehia Gold Boxing ekitaldiaren garrantzitsuena izango da, baina ez bakarra. Morgarrak beste sei borroka antolatuko ditu bertan. Horietako batean, Jon Fernández bilbotarrak eta Petia Petrov errusiarrak jardungo dute buruz buru. Jonferrek (23-3, 20 KOz) 27 urte ditu eta Estatuko boxeolaririk onenetarikoa da; eta Petrov (42-7-2, 23 KOz) boxeolari teknikoa eta dotorea da. Antolatzaileen esanetan, ikuskizun ederra eskainiko dute. Sarrerak otsailaren 13tik aurrera egongo dira salgai webgune hauetan: www.lasttour.org eta www.seetickets.com/es.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).