Marea moreak gora berriro ere

a: Idoia Andres 2023ko mar. 3a, 13:14

“Denon bizitzak erdigunean” lelopean, mugimendu feminista Martxoaren 8an berriro aterako da kalera, aldarrikatzera, alde batetik, gaur egungo zaintza-eredua iraultzeko beharra, eta, bestetik, mendekotasun-egoerez haratago, pertsona guztiok gure bizitza osoan zaintzak askatasun, duintasun eta konpromiso-balditzetan eman eta jasotzeko eskubidea. Marea moreak Txorierriko kaleak ere hartuko ditu, eta elkarretaratzeez gainera, beste ekintza batzuk egingo dira, hala nola, bertso-saioak, azokak, kirol-ekintzak eta tailerrak.

Derion, esaterako, Koxak talde feministak elkarretaratzera deitu du Martxoaren 8rako. Elkarretaratzea 18:30ean egingo dute Herriko Plazan. Era berean, “Dantzalaba; musika, emozioak eta mugimendua” tailerra antolatu dute martxoaren 11rako. Tailerra 11:00etan izango da Marikobaso Espazioan, eta izena ematea koxaktaldefeminista@gmail.com helbide-elektronikora idatzita egin behar da.  

Zapata Gorriak Zamudioko talde feministaren kideak bihar, martxoak 4, Nekazamudio azokan izango dira Martxoak 8ra begirako materiala eta mezuak prestatzen, gero herriko merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduetan banatzeko. Azaldu dutenez, aurten abarketa gorriak prestatuko dituzte. Martxoaren 8an, 19:00etan, elkarretaratzea egingo dute Leizaola plazan, feminizidioen beira-arasaren aurrean, Lagunandre eta Anpuluek elkarteekin batera; eta ondoren, manifestazioa herritik. Gainera, Bertokoko kideekin irrintzi-ikastaroa eginda dute, egun horretan herria irrintziz betetzeko. Azkenik, beren eskutik, Haize Arrosa musika-taldea aurkeztuko da martxoaren 10ean, 19:00etan, Zamudiotorren.    

Moreak Lezamako talde feministak bertso-saio feminista antolatu du bertako udalarekin batera. Bertso-saioa martxoaren 4an, 12:30ean, izango da Kultura Aretoan eta hauek ibiliko dira bat-batean: Onintze Enbeita, Oihane Bartra eta Josune Aramendi. Martxoaren 8an, 18:00etan, kafe-tertulia izango dute Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileekin, plazan. Ondoren, 18:30ean, plaza apainduko dute, eta 19:00etan elkarretaratzea egin.   

Larrabetzun ere ekintzak izango dira Zutunik! talde feministaren eskutik. Martxoaren 8an, 19:00etan, kalejiran aterako dira plazatik, eta martxoaren 12an, 11:00etatik aurrera, Larrabetzuko Emakume Artisauen Azoka izango da plazan. Martxoaren 25ean eta 26an, Emakumeen Pala Topaketa egingo da. Azken ekintza hori Olarreta pilota-klubarekin batera antolatu dute.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).