Zaintza-eredua iraultzeko beharra aldarrikatu du mugimendu feministak

a: Garrasia (Sondika), Koxak (Derio), Zapata Gorriak (Zamudio), Moreak (Lezama) eta Zutunik! (Larrabetzu) 2023ko mar. 9a, 13:06

“Denon bizitzak erdigunean” lelopean, mugimendu feminista kalera atera zen atzo, Martxoak 8, zaintza-eredua iraultzeko beharra aldarrikatzera. Horri lotuta salatu dute zaintza negozio bihurtu dela, eta emakumeek jarraitzen dutela zaintza-lanak egiten, gehienbat migratzaileek eta arrazializatuek. Esan zutenez, “lan ez aitortua da eta esplotazio-baldintzetan” egiten da. Bestalde, udazkenerako grebara deituko zutela iragarri zuten. Marea moreak Txorierriko kaleak ere hartu zituen, eta talde feministek antolatua –Garrasia, Koxak, Zapata Gorriak, Lagunandre, Anpuluek, Moreak eta Zutunik!– elkarretaratzeak eta manifestazioak egin ziren. Txorierriko Etez etxeko Laguntza Zerbitzuko langileei ere hitza eman zieten, eta babesa eta elkartasuna adierazi.