Aldundiaren ‘Pasa baloia, neska’ programak emakumezkoen futbola garatzea du helburu

Aikor aldizkaria 2023ko mar. 16a, 13:30

Bizkaiko Foru Aldundiak ‘Pasa Baloia, Neska’ proiektua bultzatu du, lurraldeko emakumezkoen futbol-sarea ikusgai jartzeko eta prestatzeko. Programari esker, klubetako kideek (jokalariek, teknikariek eta kudeatzaileek) beren lana optimizatuko dute. Proiektuak hainbat baliabide emango dizkie emakumezkoen Bizkaiko klubei: metodologia espezifiko bat, kirol-kudeaketarako aplikazio teknologikoak eta teknikarien eta kudeatzaileen egitura osoarentzako prestakuntza espezifikoa eta aholkularitza integral pertsonalizatua. Programak Bizkaiko emakumezkoen futbolaren egitura osoa garatzea du helburu.

Proiektuari Athletic Clubek eta Bizkaiko Futbol Federazioak adierazi diote babesa. Aldundiak lankidetza hitzarmena sinatu du klub zuri-gorriarekin. Era berean, 240.000 euro inbertituko ditu Athleticek lurraldeko emakumezkoen klubak prestatzeko. Athletic Clubak Bizkaiko emakumezkoen oinarrizko futbolaren egitura landu nahi du, eta horretarako, bere esperientzia eta ezagutzak beheko mailetako klubekin partekatuko ditu. Guztira, emakumezkoen 50 klub daude Bizkaian, eta horietako 37 eskola kirol mailan sartzen dira lehian. Gaur egun, 30 bat kirol-erakunde atxiki dira dagoeneko ekimenera, baina sustatzaileek gainerakoak ere erakarri nahi dituzte.

Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak ekimena aurkeztu zuen atzo. Berarekin batera hauek aritu ziren: Xabi Arrieta, emakumezkoen Athletic Clubaren zuzendaria; Lourdes Zorrozua, Bizkaiko Futbol Federazioko zuzendaritzako kidea; eta Gari Fullaondo, proiektuaren zuzendaria. “Proiektu aitzindaria da, tresna bat Bizkaiko emakumezkoen futbola bere kabuz garatu ahal dadin. Emakume guztientzako eta guztiekin. Baloia da batzen gaituen elementua, eta ekimen honen bidez gure artean partekatu nahi dugu, batak besteari pasatu”, esan zuen Bilbaok.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).