Hainbat gai jorratuko dira jardunaldietan. Esate baterako, Europako esperientziak ezagutaraziko dira toki-kazetaritza eta demokrazia sozialari buruz. Horretarako hauek arituko dira: Jason Gibbins BBC Erresuma Batuko kate publikoaren kazetaria; Richard Gurner, The Caerphilly Observer Hegoaldeko Galeseko toki komunikabidearen sortzailea; Tomas Bruvik, Norvegiako toki komunikabideen elkartearen (LLA) idazkari nagusia; Oihane Mateos EiTBko erredaktorea; eta Iker Rincón Uribe Kostako Hiruka Komunikazio Taldeko kazetaria.
Bestetik, kazetaritza eta aisialdia izango da mintzagai. Horren haritik, Edorta Arana eta Bea Narbaiza EHUko ikertzaileek Ikusiker proiektuaren berri emango dute; eta Unai Iparragirre ETBko zuzendariak, Primeran ikus-entzunezko plataforma publikoaren berri. Ondoren, kazetaritzaren eta digitalizazioaren txanda izango da. Horretarako, Avelino Amoedo @digitalunav-Center for Internet Studies and Digital Life zentroko ikertzaileak eta Karma Peiró Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan espezializatutako kazetariak jardungo dute.
Zati akademikoaz gain, aldarrikapena ere ez da faltako jardunaldietan. TOKIKOMek toki komunikabideen bost elkarte gonbidatu ditu: Associació Catalana de Premsa Comarcal, Associació de la Premsa Comarcal Valenciana, Associació de Mitjans Digital de la Comunitat Valenciana, Associació de Premsa Forana de Mallorca eta Associació de Premsa Local de Menorca. Seiek manifestua sinatuko dute Getxon, toki komunikabideen garrantzia azpimarratzeko. Gainera, eskari zuzena egingo diote Espainiako Estatuko administrazio publikoari, toki komunikabideen sektorea kontuan hartu dezan hala publizitate instituzionalaren nola dirulaguntzak banaketzean. Izen-ematea zabalik dago martxoaren 17ra arte, esteka honetan: https://tokikom.eus/jardunaldiak.