Elkarren arteko sareak indartu dituzte tokiko komunikabideak Getxon

Aikor aldizkaria 2023ko mar. 27a, 10:06

TOKIKOM euskarazko tokiko komunikabideen elkarteak 10. urteurrena ospatu zuen barikuan, martxoak 24, Getxoko Olatua Gurutzaontzien Terminalean. “Komunikabideak etorkizuna ehuntzen” jardunaldietan, nazioarteko eta Estatutako punta-puntako hainbat hizlari bildu ziren, tokiko komunikabideek gizartean duten paper garrantzitsuari buruz hausnartzeko, komunikazio-sareen arteko lankidetzan sakontzeko eta etorkizuneko erronkez aritzeko, hala nola digitalizazioa, adimen artifiziala, aisialdia, datu-kazetaritza eta demokrazia soziala.   

Nazioarteko adituen artean izan ziren Jason Gibbins (BBCko Local News Partnership), Peter Sherlock (Shared Data Unit), Richard Gurnerre (Hegoaldeko Galesko Caerphylly Observer) eta Tomas Bruvi (Norvegiako tokiko kumunikabideak). Horiek euren herrietan egindako komunikazio-lankidetzei lotutako esperientzien berri eman zuten. Era berean, Iker Rincon Morenok (Hiruka) eta Oihane Mateosek (EITB) aurkeztu zuten TOKIKOMen eta EITBren artean elkarlanean hauspotutako Saretzen proiektua. Nabarmendu zutenez, “komunikabideen arteko elkarlana oso garrantzitsua da datu-kazetaritza sakontzeko eta tokikotasunetik hasita nazio-ikuspegia izan dezaketen istorioak bilatzeko”.

Jardunaldietan parte hartu zuten beste hizlari batzuk izan ziren EHUko IKUSIKER ikerketa-taldeko Bea Narbaiza, gazteek Informazio eta Komunikazio Teknologiak nola kontsumitzen dituzten azaldu zuena; ete Avelino Amoedo EHUko irakaslea eta ikertzailea eta Karma Peiró Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan aditua, zeinek digitalizazioak komunikazioan duen garrantzia izan baitzuten hizpide.

Adituen hitzaldien ondoren, Estatuko tokiko komunikazioko sei elkartek manifestua sinatu zuten, elkarren artean lankidetzan aritzeko eta Estatuko administrazioei publizitate-aurrekontuak egiterakoan haien hedabideak kontuan hartzeko eskatzeko.  

Jardunaldietan 150 lagunetik gora batu ziren. Haien artean izan ziren Bingen Zupiria Kultura sailburua, Alaitz Artolazabal TOKIKOMeko zuzendaria, Amaia Agirre Getxoko alkatea eta Ziortza Merino Hiruka Getxoko komunikazio-taldearen kudeatzailea.