Hezkuntza lege berriak euskarazko kulturgintzaren transmisioa berma dezan eskatzeko kanpaina hasi dute hainbat kultur eragilek

Aikor aldizkaria 2023ko mar. 29a, 12:14

Euskal kulturaren transmisioa ardatz hartuta, hainbat kultura-eragilek eta -kolektibok irakurketa kritikoa egin zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Legeari buruz. Legea laster erregistratuko da, eta eragileek ahalik eta atxikimendu gehien jaso nahi dituzte, euskal kulturaren transmisioaren eta kultur hezkuntzaren auzia Legebiltzarreko eztabaidara eraman dadin.  

Euren esanetan, Hezkuntza Legearen zirriborroak ez du kultur hezkuntza edota hezkuntza artistikoa funtsezko ardaztzat eta jakingaitzat jotzen, eta zirriborroan testuinguru eta kokapen orokorra egiten denean, ez dago euskararen eta bere kulturaren egoera diglosikoaren inguruko aipurik. Era berean, adierazi dute helburuetan ez dagoela euskal kulturari espresuki uztarturikorik, eta ez dagoela euskal kulturaren transmisioa eta ezagutza bermatzeko erakunderik edo funtzio iraunkorrik.   

Kanpaina 21 kultura-eragilek ipini dute martxan, eta haien artean daude Ahotsenea, Bertsozale Elkartea, Elkar Fundazioa, Euskal Idazleen Elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, Hik Hasi eta Jakin. Informazio gehiagorako: www.kulturgintzan.eus.