Bigarren mailara igotzeko, Federazioak eskatu die 16 saioetako 14tan parte hartzea: ez dute pertikan eta hesi-lasterketan aritu. “Martxa etxean entrenatu dugu eta jaurtiketak, landan... Entrenamenduak nork bere mugak gainditzen dituen filmak bezalakoak izan dira (kar-kar). Baina primeran pasatu dugu eta gure atletak oso esku-zabalak izan dira”.
Beste Birak Bizkaiko kros txapelketa irabazi du aurten master kategorian eta apirilean eta maiatzean oinarrizko mailetako finalak izango dira. “Espero dugu gure atleta gazte batzuek finaletarako txartela lortzea. Dena dela, ume guztiak ez dira berdinak eta guztiek ez dituzte lehiak irabazi nahi: batzuek kirola egin baino ez dute nahi eta horiek ere badira ongietorriak gure klubean. Guztiei ematen diegu atletismoan jarduteko aukera. Hori da klubaren funtsa”.
Klubak jarraitzen du lanean eta Zamudioko instalazioak zabaldu nahi ditu, han area-hobia egiteko, umeen gurasoek eskatu dioten moduan. “Datozen asteotan hainbat txapelketa ditugu kategoria guztietan eta gainera, herri-lasterketak. Bestetik, amets bat dugu, emakumezkoen taldea sortzea, eta horretarako neskak beharko genituzke. Animatu nahi ditut bailarako neskak atletismoan aritzera eta Beste Bira taldean izena-ematera”.