Apirilean, 2022ko ekitaldiaren datu ekonomikoak dituzten pertsona guztiek jasoko dituzte jakinarazpena, eta bertan adieraziko zaie aitorpena aurkeztu behar duten, zirriborroaren behin-behineko emaitza eta ordaintzeko aukera onena zein den. Hala ere, Ogasunak zirriborroa osatzeko behar diren datu guztiak ez baditu, ez dira jakinaraziko ez behin-behineko emaitza, ez ordaintzeko aukera onena zein den. Era berean, Bak identifikazio digitaleko sistemarik ez dutenek hura aktibatzeko kodea jasoko dute, eta ordezkaritza-gakoa ere, beste pertsona batek euren izenean izapideak egin ditzan; ordezkaritza-gakoa ez zaie bidaliko adingabeei, hildakoei eta menpekotasuna dutenei.
Errenta-aitorpena aurrez aurre aurkezteko, apirilaren 13tik aurrera hitzordua hartu beharko da 944 066 600 telefono-zenbakira deituta, edo www.bizkaia.eus/renta webgunean. Foru-bulegoak herri hauetan daude: Balmasedan, Barakaldon, Basaurin, Bermeon, Bilbon, Gernika-Lumon, Getxon, Igorren, Markinan, Mungian, Durangon eta Portugaleten. Arreta-ordutegia lanegunetan izango da, 08:30etik 19:00etara. Aurrez aurreko laguntza pertsona guztiei emango zaie, hauei izan ezik: etekinak Errenta-zerbitzuen gutunean jasotako eragiketa jakin batzuen bidez lortu dutenei.
Bestalde, 946 083 000 telefono-zenbakira deitu ahalko da 08:30etik 19:00etara. Zergadunak nor den egiaztatu beharko du Bak gakoaren bidez, Ogasuneko langileak bere datu pertsonalak eta ekonomikoak ikusi ahal izateko. Azkenik, aitorpena www.bizkaia.eus/renta webgunearen edo Renta Bizkaia Errenta telefono mugikorretarako aplikazioaren bidez ere egin daiteke. Horretarako, identifikazio elektronikoko baliozko sistema erabilita identifikatu beharko da, edo Bak sistema aktibatzeko kodea baliatuta.
Aitorpena aurkeztuta, haren emaitza zergadunaren aldekoa bada, dirua zazpi eguneko epean sartuko da bere banku-kontuan. Halaber, zirriborroa osorik dutenen kasuan, aitorpenaren emaitza euren alde bada eta zirriborroa aurkezteko edo aldatzeko ekintzarik egiten ez badute, dirua uztaileko lehen egunetan jasoko dute. Bestela, aitorpenaren emaitza Ogasunaren aldekoa bada, dirua zergadunaren banku-kontuan zordunduko da uztailaren 6tik aurrera, aitorpena aurkeztu den ala ez kontuan hartu gabe.
Ogasunaren aurreikuspenaren arabera, 623.000 aitorpen inguru egingo dira, eta hirutik bi izango dira zergadunaren aldekoak. Guztira 489 milioi euro itzuliko dira. Aitorpena derrigorrez aurkeztu beharko dute 20.000 eurotik gorako lan-errentak izan dituzten pertsonek, kapital-etekin gordinak edota ondare-irabaziak batuta 1.600 eurotik gorako errentak izan dituztenek eta jarduera ekonomikoengatik etekinak lortu dituztenek. Etekinak bi ordaintzailerengandik edo gehiagorengandik jaso dituztenek ez dute derrigorrean aurkezpena aurkeztu behar, 14.000 euro baino gutxiagoko errentak jaso badituzte; edo 14.000-20.000 euro arteko diru-sarrerak jaso dituztenen kasuan, bigarren ordaintzailearengatik edo gainerakoengandik jasotako siru-sarreren guztirako zenbatekoa 2.000 eurotik gorakoa ez bada.