Beste Birako atleta gazteek jarraitzen dute arrakasta lortzen

a eta i: Beste Bira 2023ko api. 26a, 14:33

Aratz Mendieta zamudioztarra Bizkaiko txapeldunordea izan da 60 metroko lasterketan eta benjamin kategorian; eta hirugarrena, 60 metroko-hesi-lasterketan. Bestalde, klubeko lau atleta kimu eta ume kategorietan lehiatuko dira zapatuan, Bizkaiko Konbinatuen Txapelketan. Marka kontuan hartuta, kategoriako bakarrik 12 atletek lortu dute txapelketan parte hartzeko txartela.

Beste Birako atletismo-eskola duela sei urte ipini zen martxan, eta egindako lana fruituak ematen dabil. Izan ere, apirilaren 22an Bizkaiko finala egin zen Durangon, eta, benjamin kategorian, Zamudioko Aratz Mendietak bigarren postua eskuratu zuen 60 metroko lasterketan (9,68), irabazleak bakarrik zazpi ehuneneko aldea atera ziola. Era berean, hirugarrena izan zen 60 metroko hesi-lasterketan (11,10). Era berean, Xabat Allendek bere seriea irabazi zuen (3:49), eta bosgarren postua lortu. Oinatz Aketxe lehen hamarren artean izan zen 60 metroko lasterketan, eta Luken Garruchok 10. postua eskuratu zuen vortex jaurtiketan; proba horretan 30 lagun federatuk baino gehiagok parte hartu zuten.   

Beste aldetik, klubeko lau atleta gazte Bizkaiko Konbinatuen Txapelketan ibiliko dira zapatuan, apirilak 29, Basaurin, kimu eta ume kategorietan. Umeek espezialitate hauek egin beharko dituzte: 80 m lauak, luzera-jauzia, gorako jauzia, pisua, 80 metroko hesi-lasterketa eta xabalina; eta kimuek, 60 metro lauak, luzera-jauzia eta pisua. Elian Quinteros eta Zion Uria ume kategorian lehiatuko dira, eta Julen Martin eta Harriet Aketxe, kimu kategorian. Uriak zilarra lortu zuen iaz. Klubeko ordezkariek jakinarazi dutenez, “atleta gazteen ahaleginari esker lortu dira hain emaitza onak. Baita Loiun, Derion eta Zamudion ditugun entrenatzaileen lanari esker ere. Entrenatzaile gazteak dira, baina eskarmentu handikoak, eta baliabideen aldetik mugak baditugu ere, euren imajinazioa erabilita lortu dute atleta bakoitzak bere helburuak lortzeko lan egin dezala. Horri lotuta, esan beharra dago laster Zamudion harea-hilobia ipiniko digutela”.   

Bestalde, zapatuan ere Euskadiko Txapelketa egingo da Durangon, eta 10.000 metroko lasterketan klubeko hiru atleta beterano izango dira: Igor García, Jon Mikel Trebolazabala eta Oskar Martin. “Maiatzean ere hainbat txapelketa izango dira kategoria guztietan. Erronketako bat da Bizkaiko Absolutuan berriro parte hartu ahal izatea; txapelketa hori maiatzaren 20an eta 21ean izango da”, esan dute.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).