Larrabetzuk eta Lezamak hartuko dute parte Bizkaiko Herriarteko Txapelketan

Aikor aldizkaria 2023ko mai. 4a, 12:48

Bizkaiko Pilota Federazioak Herriarteko Txapelketa aurkeztu zuen atzo 53. aldiz. Partidak datozen asteotan jokatuko dira, eta txapelketa hiru modalitatetan egingo da: esku-pilota, pala eta zesta. Lezamak lehenengo modalitatean hartuko du parte; eta Larrabetzuk, bigarrenean. Txapelketaren protagonistetako bat Oier Hormaetxe pilotari lezamarra da. 

Eskuzko txapelketan, Lezamak maiatzaren 28an eta ekainaren 4an jokatuko du final-laurdenetako kanporaketa. Oraindik ez daki aurrean nor izango duen, Amorebieta eta Zaratamoren arteko lehia oraindik egin ez delako. Irabazten duena lezamarren kontra arituko da. Txorierrikoek aurrera egiten badute, finalerdian Munitibarren edo Iurretaren aurka jokatuko dute ekainaren 11n eta 18an. Finala uztailaren 2an izango da. Lezamaz gainera, beste 10 herrik jokatuko dute eskuzko txapelketa: Markina-Xemein, Amorebieta-Etxano, Galdakao, Gernika-Lumo, Iurreta, Munitibar, Ortuella, Sestao, Zaratamo eta Zeanuri.

 

 

Pala-txapelketari dagokionez, modalitate bi daude eta horietako batean, gomazko paletan, Larrabetzuk jokatuko du. Horretan ez dago kanporaketarik, ligaxka baizik, hau da, herri guztiek elkarren kontra jokatu beharko dute. Lehenengo jardunaldia maiatzaren 14an eta ekainaren 4an egingo da eta horretan Larrabetzuk Bakiori egingo dio aurre; bigarrenean, maiatzaren 21ean eta ekainaren 11n, Amorebieta-Etxanori; eta hirugarrenean, maiatzaren 28an eta ekainaren 18an, Elorriori. 

 

 

Gainerako txapelketetan ez da Txorierriko herririk egongo. Paleta larruzko txapelketan lau herri sartuko dira lehian: Armintza, Bakio, Sopela eta Sestao. Eta zestakoan, Gernika-Lumo, Markina-Xemein eta Berriatua. Aurkezpena Bilboko BBK aretoan izan zen. Bertan, Koldo Bilbao BBK enpresa babeslearen ordezkaria eta Enaitz Olatea Bizkaiko Euskal Pilota Federazioaren presidentea izan ziren.    

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).