Beste Bira zilarra izan da martxan

Aikor aldizkaria 2023ko mai. 22a, 13:32

Eduardo Manzanos Bizkaiko Txapelketa Absolutuaren podiumera igo zen atzo, maiatzak 21, zilarrezko medaila jasotzera, bost kilometroko martxa-proban bigarrena zen eta. “Manzano ez da modalitate honetan aditua, baina lesio batek eta klubari laguntzeko gogoak bultzatu dute pistan berriro egotera eta modalitate honetan saiatzera. Egindako ahaleginari esker lortu du orain dela hilabete batzuk oso urrun ikusten zuen medaila”, esan dute Beste Bira Txorierriko atletismo klubeko ordezkariek.

Klubaren esanetan, Manzanosen lorpena eta aurretik izandako beste batzuk erabat motibagarriak dira eta hazten laguntzen diete. “Taldea indartu dugu erkidegoko eta lurraldeko txapelketetan egon ahal izateko, eta horretarako, atleta gazteak zein esperientzia handikoak erakarri ditugu klubera”. Asteburuan, esaterako, eskarmentu handiko klubekin batera ibili dira Bizkaiko txapelketan, eta zortzigarren postuan gelditu. “Berrogeita hamabi puntu lortu ditugu eta oso inportantea izan da, helburua delako ikasiz joatea eta aurrera egitea, harrobia gero eta sendoagoa izan dadin”.  

Harrobi horretatik hain zuzen atera da Elian Quinteros atleta, umeen kategorian dabilena. “Iaz hasi zen Zamudion, eta abiadura-lasterkari handia dagoela erakutsi du. “Bizkaiko txapelketan bi medaila lortu zituen: zilarra, 80 metroko lasterketan; eta brontzea, 150 metroko lasterketan. Lorpen horiei esker hautatu dute Euskadiko Eskola Txapelketan Bizkaia ordezkatzeko. Txapelketa maiatzaren 27an izango da Zumarragan”. Atleta gazteak 150 metroko lasterketan eta errelebo-lasterketan hartuko du parte. “Egindako ahaleginaren saria da, eta eragingarria bere kideentzat; haiek ere oso denboraldi ona egin dute”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).