Asier del Riok Bizkaia pala txapelketaren finalerdia jokatuko du barikuan

Aikor aldizkaria 2023ko mai. 31a, 10:59

Asier del Río palista lezamarrak Bizkaia Torneo Openaren finalerdia jokatuko du etzi, ekainak 2, Bilboko Bizkaia frontoian. Innpala enpresak Nazioarteko Bizkaia Open Txapelketa antolatu du Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Sarrerak sei euro balio ditu eta egunean bertan eros daiteke frontoiko leihatilan. Lezamarrak iaz irabazi zuen txapelketa, bere ibilbide profesionalean irabazi duen lehenengoa, alegia.

Asier del Rio Pablo Fustorekin batera arituko da eta euren kontra Dan Necol eta Ettienne Trannoy sartuko dira lehian. Necolek Banakako txapelketa irabazi zuen otsailean eta lehenengo aurrelaria da Innpalaren aurtengo sailkapenean; eta Trannoy, Munduko txapeldunordea da pala laburrean, 22 urte azpiko kategorian. Beste finalerdia hauek jokatuko dute: Gaubeka-Gordon eta Madariaga-Urrutia. Zaletuek partida biak ikusteko aukera izango dute Bizkaia Frontoian 19:00etatik aurrera. Finalerdietako irabazleek elkarren kontra jokatuko dute finala ekainaren 9an, Bilboko pilotalekuan.

Txapelketa apirilaren 6an hasi zen. Asier Del Riorekin batera beste txorierritar batek ere hartu du parte openean: Roman Maldonado larrabetzuarra. Maldonadok Alkortarekin osatu du bikotea. Horiek zein Ibarguren eta Ibai Pérez gelditu dira finalerdietatik kanpo. Larrabetzun aritzeaz gainera, pilotariek beste sei pilotalekutan ere jokatu dute txapelketa: Bizkaia Frontoia (Bilbo), Armintza, Plentzia, Sopela, Urduliz eta Zierbena.