Gorlizen eta Bakion ere eskainiko da aurten bainu lagunduaren zerbitzua

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 2a, 11:29

Bizkaiko Foru Aldundiak atzo jarri zuen martxan hondartzen denboraldia. Denboraldia irailaren 30ean bukatuko da. Uda osoan, bainu lagunduaren zerbitzua eskainiko da berriro Arenan, Ereagan, Plentzian, Laidatxun, Isuntzan eta Arrigorrin. Horiei beste hondartza bi gaineratu behar zaizkie aurten: Gorliz eta Bakio. Zerbitzua erabiltzeko, izena eman da BizkaiUP aplikazioan.

Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak azpimarratu zuen zerbitzuak gero eta hobeak izaten saiatzen direla. “Bainu lagunduaren zerbitzua zabaldu izanak mugikortasunean eta autonomia pertsonalean mugak dituzten pertsonekin hartutako konpromisoari erantzun dio. Gure hondartzetan ematen ditugun zerbitzuak etengabe hobetzeko egiten dugu lan. Bikaintasuna bilatzen dugu beti, eta hori nabari da hondartzetako erabiltzaileek zerbitzu horiei buruz egiten duten balorazioan”, esan du. Izan ere, iaz, erabiltzaileek 8,16 puntu eman zizkioten zerbitzuari.

Aldundiak hainbat ekipamendu jarri ditu aurten hondartzetan: 85 dutxa (333 ihinztagailu), 76 iturri, desgaitasuna dutenentzako 7 iturri eta bi eserleku; 367 parrilla-plataforma; eta 2.049 metroko egurrezko pasabidea. Gainera, 269 pertsona ibiliko dira hondartzetan lanean: 101, garbitzaileak izango dira eta horiek hainbat tresna erabiliko dituzte: 11 makina handi, 3 kamioi, 2 furgoneta, 12 traktore, 3 ekortzeko makina... Bestetik, gainerako 168 sorosleak eta hondartzainak izango dira. Langile horiek 13 itsasontzi, 8 ur-motor, 13 buggy, 3 quad, petrolio-gas likidotuko 4 lur orotako ibilgailu, 11 turismo izango dituzte eskura; baita desfibriladore erdiautomatikoak, glukometroak, pulsioximetroak eta ohatilak ere

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).