Eskoletako jaiak datozen egunotan egingo dira

a: Matthias Zomer (www.pexels.com) 2023ko ekainaren 16a

Umeen ikastaroak bukatzear daude eta herri guztietako eskolek jaiak prestatu dituzte ikasturteari agur esateko. Zamudioko eskolak ekainaren 10ean egin zuen, baina datozen egunotan gainerakoek egingo dute: Lezaman eta Larrabetzun, bihar, ekainaren 17an; Derion eta Sondikan, ekainaren 21ean.

Lezamako eskolak bihar egingo du jaia eta egitarau oparoa prestatu du horretarako. 11:00etan, txupinazoa izango da eta ostean, goizean, aurpegiak margotzeko tailerrak eta puzgarriak egingo dira. 13:00etan, Kurutze dantza taldeak eta Ekidazu abesbatzak agurra egingo dute. Ordubete beranduago, elkarte biek luntxa hartuko dute seigarren mailako ikasleekin batera. 14:00etan, gainerako umeek hartuko dute bazkaria; eta 15:00etan, gurasoen txanda izango da. Arratsalderako, puzgarriak, jolasak eta ur-gerra antolatu dira, baita beste ekintza batzuk ere: 17:00etan, MTB zirkuituko sari-banaketa; 17:10ean, bingoa; 18:30ean, dj Suits&Sound; eta 19:00etan, askaria. Jaia 21:30ean bukatuko da.

Larrabetzun ere bihar egingo dute jaia. Diana eta kalejira 10:00etan izango dira, txistulariek girotuta. 10:30ean, familien lasterketa solidarioa izango da eta, horretarako, ordu erdi lehenago izena eman behar da frontoian. 11:30ean, Bizkargi dantza taldeak erakustaldia egingo du eskolako aterpean. Ostean zenbait ekintza etorriko dira: 12:30ean, zuhaitzak landatuko dira eskolan; 12:30etik 14:30era bitartean, azoka txikia irekiko da; eta 13:00etan, erraldoiak eta buruhandiak ikusteko aukera egongo da. Bazkaria 13:30ean zerbitzatuko zaie umeei; eta 15:30ean, gurasoei. Bazkalostekoa seigarren mailako ikasleen agurrak girotuko du 16:00etan; eta arratsaldea, jolasek, puzgarriek, zezen mekanikoak eta apar-jaiak. 19:00etatik aurrera, dantzatzeko ordua izango da. Hurrengo egunean, 11:00etatik aurrera, herria garbitzeko deialdia egin dute antolatzaileek.

Derioko eta Sondikako eskolek ekainaren 21ean, eguaztenean, egingo dute jaia. Derion, 16:00etatik 19:00etara bitartean egingo dute eta tarte horretan zenbait ekintza egingo dira: Lehen Hezkuntzaren 6. mailako ikasleek agurra, ludoteka txikienentzat, apar-jaia, puxika-gerra, diskofesta eta aurpegiak margotzeko tailerrak. Bestetik, Sondikan, 15:00etatik 17:00etara eskolako patioan puzgarriak jarriko dira; eta 17:00etatik 19:00etara San Joan landan diskofesta egongo da.