Sua egiten den gunea garbitu behar da, bertatik material erregairik ez egoteko: belarrak, sastrakak, paperak, ehunak… Era berean, sua eraikinetatik, linea elektrikotik eta bestelako instalazioetatik urrun pizteko aholkua eman dute, baita zuhaitz asko dauden tokietatik urrun ere. Suhiltzaileek eskatu dute hauek ez erretzeko: lehergaiak, likido suharberak, eztanda egin edo kea edo gas toxikoa isuri dezaketen materialak, ezta ke handia sortu dezaketenak ere. Ospakizuna amaituta, ezinbestekoa da sua ondo itzali dela ziurtatzea. Horretarako bota daiteke ura, lurra edo harea.
Gogora ekarri dutenez, suarekin kontu handiz ibili behar da, arriskutsua izan daiteke eta. Azala erretzen bada, ura bota behar da gutxienez 15 minutuan; eta ez eman ez ukendurik, ez desinfektatzailerik. Erredura sakonik edo handirik izanez gero, 112 telefono-zenbakira –SOS Deiak– deitu behar da, eta zauritua osasun-etxera eraman. Erre den azal-gunea agerian utzi behar da, edo serum fisiologikoan bustitako gasa esteril batez estali.