Horrela, bihar, ekainak 29, LGTBertso saioa egingo da, 19:00etan, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean. Saio horretan parte hartuko dute German Urteaga eta Jone Larrinaga bertsolariek eta gai-jartzaile Jone Larrinaga ibiliko da. Zutunik talde feministak antolatutako ekintza da. Bestalde, Derioko Udalaren eskutik, DJ Ibai Sanchezek musika ipiniko du barikuan, 19:30etik aurrera, Sollube kalean, “sexualitate- eta genero-askatasuna modu alaian aldarrikatzeko”, idatzi dute udalaren gizarte-sareetan.
Zamudioko Udalak ere gizarte-sareak erabili ditu herritar guztien sexu-askapenerako eskubidearen alde egiteko, eta, era berean, LGTBIQ+ kolektiboa baztertzen eta zigortzen dituen jarrerak eta neurriak salatzeko. Era berean, Lezamako Udalak kolektiboaren eskubideak eta bizikidetza aldarrikatu ditu gizarte-sareetan, “aniztasunetik abiatuta, kolektibo honen eskubideen eta askatasunen aitortzan lortutako aurrerapausoak ospatuz. Badakigu sexu- eta genero-aniztasunaren onarpen soziala gero eta handiagoa dela, neurri batean, euskal gizarte osoak komunitate justuagoa, eta berdintasunean oinarrituta, eraikitzeko egin duen lanari esker”. Lezamako Udalak herritarrak animatu ditu gorroto-diskurtsoak eta giza eskubideen kontrako indarkeria ozenki salatzera.