Elkarretaratzeak, Iruñeko hilketa matxista salatzeko

Aikor aldizkaria 2023ko uzt. 3a, 12:03

Zapatuan, uztailak 1, gizon batek bere emaztea hil zuen Iruñean; emakumea lau seme-alaben ama zen. Hilketa matxista gaitzesteko elkarretaratzeak egingo dira Euskal Herrian, baita Txorierrin ere. Esaterako, Lezamako Udalak, Moreak talde feministak eta Berdintasun Kontseiluak elkarretaratzera deitu dute gaurko, 19:00etan, Hilario Astorki plazan.

Zamudion ere elkarretaratzera deitu du Zapata Gorriak talde feministak. Ekintza 20:00etan egingo dute Leizaola plazan. Larrabetzun, bestalde, atzo egin zuten elkarretaratzea. Aurten, indarkeria matxistak lau emakume hil ditu Euskal Herrian. Tratu txarrik jasoz gero edo tratu txarrak jasotzen dituen pertsonarik ezagutuz gero, telefono hauetara deitu daiteke: 900 840 111 (Euskadi), 016 (Estatua) eta 3919 (Iparralde; domeketan eta jai-egunetan ez dabil 09:00etatik 18:00etara). Fakturan ez dira telefono-zenbaki horiek agertzen, baina telefonoan bertan bai; beraz, ezabatu direla ziurtatu behar da.