TOKIKOMek FesTVal saria jasoko du zapatuan

Aikor aldizkaria 2023ko ira. 5a, 11:24

Zapatuan, irailak 9, Euskal Herriko tokiko hedabideen sareak jasoko du aurtengo EITB Saria. Hori FesTVal 15. edizioaren galan jasoko dute Gasteizko Principal antzokian, 20:00etan egingo den ekitaldian. TOKIKOMeko ordezkariek adierazi dutenez, EITBk ere munduan tokikoak hartzen dabilen lekua aitortzen du, “eta sektorekoek aitortzea pozgarria da oso”.   

Sariaren bidez, euskarazko 76 tokiko komunikabidek osatutako sarearen 10 urteko ibilbidea nabarmendu du EITBk, eta euskal esparru komunikatiboaren alde egindako lana aitortu. “Hamarkada batean, TOKIKOMek agerian utzi du tokiko komunikabideak gizartean zein garrantzitsuak diren, tokiko informazioa galdu ez dadin. Gainera, elkarlan-eredu berriak ezarri ditu, tartean EITBrekin, sektorearen hedapena sustatzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko”, zabaldu dute ohar batean. Elkarlan horien artean daude, besteak beste, Primeran ikus-entzunezko plataformarako egindako lana eta Saretzen datu-kazetaritzari lotutako egitasmoa.

Alaitz Artolazabal TOKIKOMeko zuzendariak pozik hartu du saria. “Euskara hutsean lanean dabilen hedabideak aitortzea ez da egunero gertatzen. Komunitate sendoa osatzen dugu, baina elkarlan eraginkorrak ezinbesteko ditugu are handiagoa izateko. Txikitasunetik egiten dugun ahalegina EITB moduko enpresa handi batek ikusi izana positiboa da eta indarra ematen digu beste hainbeste urtetan jarraitzeko”.  

TOKIKOMek zero kilometroko komunikazioa lantzen du, gertuko komunitatearekin bat egindako, informazioa bertatik bertara lantzeko, inguruko norbanako eta entitateekiko konpromisotik, modu zintzoan eta profesionalean. TOKIKOM markaren atzean 250 profesionaletik gora ari dira lanean, 76 komunikabide baino gehiago biltzen dituen egitasmoan.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).